Sarea

ELENek Batzar Nagusia egin du Dublinen

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok parte hartu du Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sarean

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

ELENeko kideek Irlandako Iparraldean hizkuntza-lege berrirako aldarriarekin bat egin dute

Europako hainbat hizkuntza gutxituren normalizazioaren alde lan egiten duten eragileen bilgunea da ELEN, eta urteko Batzar Nagusia egin du Dublinen. Kontseilua ELENeko sortzaileetako bat da, eta egun zuzendaritza-batzordean egoteaz gain, lehendakariordetza ere badu. “Urteko Batzar Nagusiak aukera ematen digu ELENeko kide garenoi urteak gure hizkuntzen normalizazioaren alde eman duena partekatzeko” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak urtean zehar eremu politikoan zein sozialean izandako gertaeren berri eman du, besteak beste, Nafarroako Lege Berrirako proposamena eta mobilizazioa, EAEko Estatus politiko berrirako proposamena, Euskal Elkargoak onartutako hizkuntza-politika, Euskaraldia… Horrekin guztiarekin batera, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloarekin egindako urratsak ere izan dituzten hizpide: “Gogoratu behar dugu ELEN Jarraipen Batzordeko kidea dela. Horrela, Euskal Herriko Garapenak interes handia sortu duela esan dezaket. Eta ondorengo hilabeteetan jorratuko dugun Udal Garapena beste komunitateentzat oso erabilgarria izango dela adierazi dute”, gaineratu du Bilbaok.

Horretaz gain, ELEN erakundeak 2018an zehar egindakoaren berri ere izan dute. Horren karira azpimarragarria da Europako Erregioetako Parlamentuen Batzordeak (CALRE) onartutako Valentziako Adierazpena, zeinean berariaz jasotzen da agintariek Protokoloa kontuan hartu behar duten. Horrekin batera, hainbat hizkuntza-komunitatetako eragileekin abian jarritako proiektuen aurkezpena ere izan dute hizpide, besteak beste, Elhuyarrek ere parte hartzen duen DLDP-Hizkuntza Aniztasun Digitalaren Proiektua.

Hurrengo urteari begira, Europako hauteskundeei begirako adierazpena onartu du Batzar Nagusiak eta, Nazio Batuen Erakundeari dagokionez, 2019an Hizkuntza Indegenen Urtea izango dela kontuan hartuta, erakunde horrekin lankidetza bideak aztertzen hasiak dira. “Besteak beste, NBErekin Bruselan hezkuntza eta hizkuntza-eskubideei buruzko nazioarteko konferentzia bat antolatzeko asmoa du”, esan du Kontseiluko ordezkariak.

Aurten Irlanda osoan irlanderaren alde eta 125 urte bete dituen Conradh na Gaeilge erakundea arduratu da Batzar Nagusia antolatzeaz: “Urtero moduan erakunde antolatzaileak aukera izan du ordezkatzen duen hizkuntzaren inguruko saio bereziak antolatzeko eta, zinez interesgarriak izan dira arnasguneen lanketaren inguruan eraiki ditzakegun lankidetzak” esan du Bilbaok.

Saretu:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna