Sarea

2018ari begira

IMG_6965

Twitterrek orain 280 karaktere idazteko aukera ematen du, lehengo 140ren ordez. Hori probestuz, aurreko ostegunean honako txioa idatzi nuen: Jauzia egiteko aukera errealak daude. Har dezagun bidegurutzean norabide bateratua eta estrategia partekatu dezagun euskararen normalizazioa erdiesteko. Horretarako, eragile guztiak subjektu aktibo bihurtu eta instituzioekin konplizitateak eraiki.

Egun horretan, goizean, Kontseiluak gosari-aurkezpena antolatu zuen Donostiako hotel batean. Duela hogei urte Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sorrera ekarriko zuen Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldiak egin ziren toki berean.

Gosari-aurkezpen horretan lortu genuen Euskalgintzako eragileez gain, instituzioetako, alderdi politikoetako, sindikatuetako, hedabideetako, eragile sozialetako zein sozioekonomikoetako ordezkariak biltzea. Horrela, gosari-aurkezpena 2017 urteak hizkuntza-politikan zer eman zuen azaltzeko baliatu genuen, ondoren, hurrengo urteko erronka nagusiak aurkezteko.

Lasai, entzule, ez dut, ez, zehazki azalduko zer eman duten hizkuntza-politikek 2017an. Halere, aurten gure egoeraren berri ematen duten bi inkesten emaitzak kontuan hartuta, Inkesta Soziolinguistikoa eta Kale Erabileraren neurketa hain zuzen ere, esan nahiko nuke gure ustez hizkuntza-politikek goia jo eta politikak birpentsatzeko, berriztatzeko, berregiteko garaia iritsi dela.

Horrekin batera, 2017 urtearen errepasoa egitean, beste behin berretsi ahal izan genuen euskararen aldeko herri-gogo indartsua dugula, eta horren erakusle izan dira, besteak beste, Korrika edota Euskarak 365 egun ekimenaren bueltan sortu diren ahalduntze-dinamikak. Hortaz, jauzi koalitatiboak egiteko gihar sozial indartsua badugu.

Are gehiago, Euskalgintza eta instituzio publikoak elkarlanean antolatutako ahalduntze sozialari begirako ekimen nazionala aurkeztu da Bilbon, eta horrek 2018 urtea baldintzatuko du milaka herritarren ahalduntzeari esker.

Gauzak horrela, uste dugu garaia heldu dela guztion artean hizkuntza-politikak berrikusteko eta berregiteko. Horretarako, gainera, ez gara orri zuri batetik abiatzen. Duela ia urte bete Donostiako Kursäal jauregian, Europako hogeita hamar hizkuntza gutxituren alde lan egiten dugun ehunetik gora eragileren proposamenekin eta adostasunarekin jorratutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu genuen. 2017 urtean zehar, Kontseiluan, hamarnaka eragileren laguntzarekin Protokolo hori euskarara egokitzen aritu gara, eta 2018an Protokoloaren Euskal Kaiera aurkeztuko dugu, hau da, gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko gizarte eragileon bide-orri adostua.

Soziala eta politikoa, politikoa eta soziala, biak ala biak indartsu datoz 2018an, eta beraz aukerak baliatu behar ditugu jauzia egiteko. Aukerak baliatu behar ditugu hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen hizkuntza-politika zehazteko. Eta, horretarako, nola ez, euskalgintzak eta instituzioek elkarrekin lan egin behar dugu. Horretarako, nola ez, euskalgintzaren eta instituzioen arteko konplizitateak eraiki behar ditugu. Kontseiluak, betiko moduan, horretan indarra, ilusioa, pasioa eta determinazioa jartzeko asmoa du.

Estrainekoz Info 7 Irratiko Gureaz Blai saioan emitituta

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna