Sarea

Arnasguneak politiken erdigunera (Paul Bilbao Sarria eta Josu Labaka Zuriarrain)

LUHI3 aurkezpena

Zalantzarik ez dago, azken urteotan hizkuntza gutxituen normalizazio-prozesuetan arnasguneek garrantzi handia hartu dutela. Izan ere, arnasgune horietan inguruko erdaren nagusitasunari aurre egin eta euskara nagusi edo hegemoniko izatea lortu dute. Euskaldunon kontzentrazio nabarmena dago leku horietan, eta euskara modu naturalean transmititzen da. Leku horietan euskaldunok lasai har dezakegu arnasa, lasai egin dezakegu euskaraz, bai baitakigu bertako hizkuntza naturala horixe dela. Halere, leku horiek oso hauskorrak zirela ohartzen hasiak ginen.

Horrela, askotan gertatzen den bezala, begien aurrean genuen errealitatea parametro zientifikoetara eramateko eta zientziak intuizioz uste genuena berresteko beharra ikusi genuen.

Kezka horretatik abiatuta, UEMAk eta Kontseiluak lankidetza-bide berri bati hasiera eman, eta horren ondorioz, 2014an UEMAk, Kontseiluak, UEUk eta Gipuzkoako Aldundiak Lurraldea eta Hizkuntza izeneko jardunaldi-sorta antolatzeari ekin genion. Jardunaldi berritzaileak, izan ere, hainbat diziplina elkarrekin lanean jartzea lortu genuen, eta diziplina desberdinetako adituen zein nazioarteko esperientzien laguntzarekin berretsi genuen hasieran intuizioz ondorioztatutakoa: Lurralde-antolaketan hartzen diren erabaki gehienek eragina dute arnasguneetako hizkuntza gutxituaren egoeran. Ikuspegi zientifikotik eta enpirikotik berretsitako baieztapena izan zen.

Halere, jardunaldi eta lanketa horietako helburua ez zen egoeraren diagnosia edo arrazoiak detektatzea. Aitzitik, etorkizunari begira norabide egokira jotzeko proposamenak egitea ere bagenuen helburu. Horren erakusle dugu, esaterako, nazioarteko esperientzietan oinarrituz, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa izeneko tresna.

Poztu gintuen, bai, Eusko Legebiltzarrak 2016an onartutako Udal Legeak prebentzio linguistikoaren ikuspegia jaso izanak. Eta, Euskalgintzaren zein instituzioen arteko konplizitatea irudikatzen zuen ondorio eredugarria zela iritzi izan genion.

Gaia ongi kokatuta zegoelakoan, UEMAk eta Kontseiluak proposamena egin genuen Lurralde Antolaketako Gidalerroak zehazteko prozesuan. Finean, lurralde-antolaketari lotutako erabakiek hizkuntzen normalizazioan eragina dutela frogatuta genuen, Legebiltzarrak etorkizunari begira orubea jarria zuen Udal Legearen bidez, eta, beraz, hurrengo hamarkadetako politikak baldintzatuko dituzten Gidalerroetan ere ikuspegi hori jaso beharra plazaratu genuen, bai eta emendakin zehatzak proposatu ere.

Berriki jakin izan dugu gure proposamenak ez direla kontuan hartu. Are gehiago, Lurraldearen Antolaketa Batzordeak onartu duen behin-behineko dokumentuan arnasguneen eremuan atzera egin dela ikusi dugu.

2015eko Oinarrizko Dokumentuak arnasguneen definizio eta zehaztapenerako irizpideak garatu beharra jaso zuen, bai eta lurralde eta hirigintzaren plangintza-tresnetan izan beharreko trataera ere. 2016ko aurrerapenean, aurrekoa lausotu eta arnasguneak babestu beharra besterik ez zuen jaso. 2018koan, berriz, desagertu egin dira arnasguneak (dokumentuan, noski). Gainera, aurkeztu berri duten dokumentuan euskarari lotutakoak ez dira gidalerroak, gomendioak baizik, eta horrek ere kezkatzen gaitu. Semantika oso garrantzitsua da politika publikoak definitzen direnean, eta ez da gauza bera gidalerro batzuk oinarri dituzten erabakiak hartzea, edo gomendioak oinarri dituztenak. Finean, lehenak bigarrenak baino betearazlegoak dira.

Zalantzarik ez dugu honek guztiak, sakonean, lurralde garapen jasangarri baterako eredu berri baterako eztabaidara garamatzala. Horrexegatik, lurgune euskaldunen garapen jasangarri baterako aintzat hartu beharreko irizpideak eta oinarriak proposatuko dituen prozesu bati hasiera eman beharko genioke. Horri lotuta, gure ustez, lurgune euskaldunen garapen jasangarriak, garapen soziokultura, garapen sozioekonomikoa eta garapen sozioekologikoa orekatzea du eskakizun. Eta, eztabaida horri ekin aurretik, nahitaezkoa da hori ahalbidetuko duten politika egiteko oinarri sendoak izatea. Tamalez, Lurralde Antolaketarako Gidalerroen proposamen honek baldintza lezake gerorako bidea, bai eta luzaroan baldintzatu ere, hurrengo hogeita bi urteetan aplikatuko diren gidalerroak direlako, ia belaunaldi batez.

Dena dela, garaiz gaudela uste dugu. Oraindik aukera dago hau guztia konponbidean jartzeko, eta duela bi urte egin bezalaxe, oraingoan ere eskua luzatu nahi diogu Lurralde Antolaketaren Batzordeari euskararen arnasguneen aldeko politika aktiboak garatzea ahalbidetuko duten gidalerroak onartzeko. Euskalgintzatik, instituzioetatik… toki guztietatik azpimarratzen ari gara arnasguneek euskararen normalizazioan duten garrantzia, eta, beraz, politika aktiboak ahalbidetuko dituzten tresnak behar ditugu. Arnasguneen garapena eta hedapena politika orokorren erdigunera ekarri behar ditugu, elkarlanetik, lankidetzatik, konplizitatetik.

Artikulua Berria egunkarian argitaratu da estrainekoz 2018ko otsailaren 3an

Paul Bilbao Sarria eta Josu Labaka Zuriarrain, Kontseiluko idazkari nagusia eta UEMAko lehendakaria dira, hurrenez hurren

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna