Sarea

Bada garaia euskararen botila beteko duen iturria behar bezala irekitzeko (Paul Bilbao)

[Estrainekoz Info 7 irratian emititua]

 

 

botila

Iritsi dira, berriz ere, datuak. Egia esan, herri honetan, joera ikaragarria dugu urte batean bai, bestean ere bai, herritarrak datuez itotzeko, eta askotan pentsatzen dut ea ez ote den izango gu guztiok zorabiatzeko beste estrategia bat.

Oraingoan Nafarroako datuak izan dira, inkesta soziolinguistikoaren aurrerapena egin digu Gobernuak.

Euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dutela izan da lehen ondorio nagusia. Tira… Ez da makala!!! Urteetako hizkuntza-politika suntsitzailea pairatuta ere, euskarak aurrera egitea herri gogo indartsuaren isla dela ezin uka daiteke.

Beti esan izan dugu hizkuntza bat berreskuratuko bada, besteak beste, herri gogo indartsu bat beharko duela. Beti esan izan dugu euskara gaur egunera iritsi bada, atzean herri gogo indartsu bat eduki duelako izan dela. Nafarroako datuak hori berrestera datoz. Azken hamarkadotan lege murriztaile, dekretu are murriztaileago, euskalgintzaren itotze ekonomiko, euskararen desprestigio eta beste hainbat estrategia baliatu izan badira ere, euskararen botila betetzen ari gara, ezagutzan zein erabileran.

Zorionak, bai, baina argi dago ez dela nahikoa. Egia da, bai, botila betetzen ari dela, baina tantaz tanta betetzeak arrisku handiak ditu. Gerta liteke botilan urraduraren bat egon eta tanta batzuk galtzea, gerta liteke botilak edukiera handiagoa izatea eta, beraz, tantaz tanta bete arren, botilaren betetze-mailan kasik ez nabaritzea.

Hortaz, haizea aldeko dugula kontuan hartuta, bada garaia euskararen botila beteko duen iturria behar bezala irekitzeko.

Botila betetzeko iturria zabalagoa edo estuagoa izateko hiru ezaugarri daude: guraso seme-alaben transmisioa, helduak euskalduntzea eta belaunaldi berri euskaldunak erdiestea. Alegia, jakin ere badakigu zer behar dugun eta nola egin behar dugun iturriak emari handiagoa izateko.

Urratsa egiteko unea iritsi dela uste dut. Iturria behar bezala irekitzeko unea da: Helduei euskara doan ikastea ahalbidetu behar zaie, helduek euskara ikasteko arrazoiak sortu behar dira, motibazio instrumentalaren bidez herritarrak euskarara ekartzeko estrategiak eta erabakiak jorratu behar dira; belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izateko zer egin behar den ere badakigu; eta noski, alda dezagun behingoz iturriari behar bezala irekitzen uzten ez dion oztopoa. Alda dezagun legea, utz dezagun iturriko ura Nafarroako lurralde osoan isur dadin.

Herri gogoak beste behin erakutsi digu determinazio guztia jarri duela azken hamarkadotan euskararen botila bete dadin. Euts diezaiola Nafarroako Parlamentuak determinazio bertsuari eta jarrai ditzala herri gogoaren urratsak. Denon artean beteko dugu, bai horixe.

http://info7.naiz.eus/eu/info_i7/20170202/haizea-alde-dugunez-euskararen-botila-behar-bezala-betetzeko-iturria-ireki-behar-da

 

 

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna