Sarea

… eta aldiz, lurralde antolaketari badagokio (Iker Salaberria Urkizu)

44315749185_fde13d775c_kJaurlaritzaren iritziz, lurralde antolaketari ez dagokio hizkuntza eremuetan sartzea” . Horixe da, lehengo astean Azpeitian eginiko Lurraldea eta Hizkuntza 4. Jardunaldietan azaldu bezala, UEMA eta Kontseiluak Lurralde Antolaketarako Gidalerroei jarritako zuzenketei emaniko erantzuna. Eginiko zuzenketak begiratuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik zuzendu nahian dabiltzan ikuspegia, antza.

“Eppur si muove” (eta aldiz, mugitzen da). Benetan esan ote zuen erabat argi ez dagoen arren, esaldi hori da Galileok, lurra eguzkiaren inguruan bueltaka zebilela inkisizio epaitegiaren aurrean ukatu ondoren, esan omen zuena. Horixe bera da Jaularitzaren erantzunak iradoki zidana. Alegia, lurralde antolaketari ez dagokiola hizkuntza eremuetan sartzea zioten, eta aldiz, hizkuntza eremuetan sartu, sartzen da.

LUHIko jardunaldiek beste behin agerian jarri dute lurralde, hiri eta herri antolamenduak, bai eta etxebizitza politikak ere, ez direla soilik, zer, non eta nola eraiki definitzeko politikak. Politika horien atzean, oinarrian edo gainean, bizitza eredu bat dagoela eta sortzen dela.

Horrela, garai batean, alde zaharreko komunitate bizitza bultzatzen zuten elkarren ondoan eraikitako etxeen, plazen eta patioen inguruan; kontrola eta garraiobideen joan-etorria errazteko, hiri erdigunetik modu erradialean etorbide zabalak eraiki ziren (Haussmann plana). Ondotik, elkarrengandik urrundutako eremu funtzional (ospitaleak, kirol eta kultur guneak, lantokiak…) isolatuak garatu ziren (Chicago plana), garraiobideen erabilera behartuz. Eta etxebizitzei dagokienez, berriz, familia zabalaren zaintza eta ofizioa bertan garatzeko eremua izatetik, familia nuklearrera murriztutako, ofiziotik deslotutako eta bizilagunekin partekatzeko gune komunik gabeko eremuak izatera igaro dira.

Jardunaldian bertan Lorea Agirrek zorrotz baieztatu zuen bezala “askotan naturala edo berezkoa diogu, baina hemen ezer ez da berezkoa.” Bilakaera horien guztien atzean gizakiaren esku-hartzea eta erabakiak baitaude. Aldi berean erabaki horiek guztiek bizitza eredu bat, estruktura sozial batzuk produzitzea eta birproduzitzea bultzatzen dute. Eta Bourdieuri kasu egiten badiogu:

Hitz egindako hizkuntzaren bidez, […] estruktura sozial guztia da presente dagoena interakzio bakoitzean (bai eta diskurtsoan ere) (Bordieu 1985: 41)

Nago, LUHIko lau edizioek lurralde antolaketaren eta hizkuntzarenaren arteko lotura agerian, ebidentzian utzi badute ere, batzuek oraindik begiak itxi nahi dituztela edota nahi dizkigutela ebidentzia horien aurrean. Garai batean inkisizioari bezala, eurei ere, orain arte izan dituzten oinarriak dantzan jarriko ote zaizkien beldurrez, edo. Halako zereginetan dabilen baten baten ahotik entzuna baitugu, hizkuntza ere aintzat hartu behar izateak lurralde antolaketarako zereginak gehixko ez ote dituen konplikatuko…

Egoera honen aurrean beraz, bi erreakzio posible egon litezke: gure lehengo lanerako marko eroso baina zaharkituei eutsi nahi izatea; edota, gaiaren konplexutasuna bere osoan kudeatzeko zailtasunak onartuta, ikuspegi zabalagoarekin jokatzea.

Galileo, 1633ko epaiketa hartan, heresiagatik bizitza osoan etxean atxilo bizitzera kondenatua izan zen. Hirurehun eta berrogeita hemeretzi urte geroago, 1992an, Joan Paulo II. Aita Santuak Galileo errugabetzat jo zuen. Seguru gaude lurralde-antolaketako aditu eta arduradunek urte dezente gutxiago beharko dituztela lurralde antolaketa hizkuntza eremuetan sartzea badagokiola onartzeko.

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna