Sarea

Katalanaren eta euskararen botere-lehiak (Iker Salaberria)

languagesOrain lau urte, aukeratu berri zen Frantzisko aita santuak latinez jakinarazi zuen Joan Paulo II.aren eta Joan XXIII.aren kanonizaziorako data. Ez da lehen aldia hala egin zutela, latinak, hildako hizkuntzatzat har zitekeen arren, elizaren hizkuntza ofizial izaten jarraitzen baitu. Hala izanda ere, nazioarteko prentsak berria behar bezala jaso eta zabaltzeko modua egin zuen. Nik dakidala inork prentsa aretotik kexaka alde egin gabe.

Joan den urriaren 10ean Kataluniako presidente Carles Puigdemont munduari zuzendu zitzaion… katalanez. Bai, mezuaren zati bat, Espainiako Gobernuari esan nahi zion hura, gaztelaniaz egin zuen –aski ongi ezagutzen baitu Espainiako Gobernuburuen glotofobia-. Baina, aita santuak bezala, Puigdemontek ere ez zuen nazioarteko hizkuntzatzat har litekeen ingelesa erabili, nazioarteari hitz egiten aritu izanagatik.

Egun Kataluniako balizko Errepublikan zein hizkuntza izan beharko liratekeen ofizialak eztabaidagai da. Afera horrek zein amaiera izango duen jakin gabe ere, euren independentzia-prozesuan, bai gizarte mugimenduen aldetik, bai eta politikarien aldetik ere, hizkuntzak nola kudeatzen ari diren ikusiz, esan liteke, hizkuntzaren burujabetza-prozesua amaitzear dutela, eta, beraz, Errepublikak katalanaren normalizaziorako onurak ekarriko dituela.

Halako eraldaketa-prozesuetan helmugak bidean eraikitzen dira. Hasieran jomuga argi izanagatik, bidean eraikitako baldintzek, identitateek eta indar-harremanek eraikitzen dute azken helmuga. Horregatik nioen, bidean katalan hizkuntzak hartu duen zentralitatearekin, katalana normalizatua dagoen helmuga eraikitzen ari direla.

Askotan esan izan dugu hizkuntzen normalizazio-prozesuak, beste eraldaketa edo borroka sozialak bezalatsu, funtsean, botere-lehiak direla. Are gehiago, legeak testu artikulatu batean gorpuztutako indar harremanen isla badira ere, politikarien jarrerek eta portaerek garrantzia berezia hartzen dute. Izan ere, besteak beste, eurak baitira legeak onartu eta politika publikoak garatuko dituztenak.

Boterea, berriz, erlazionala eta testuinguruak baldintzatua da. Aita santuak bezala, Puigdemont presidenteak ere argi zuen bere hitzaldian botere-posizioan zegoela. Nazioarteko prentsak interes berezia zuela bere hitzak jaso eta zabaltzeko. Horiek latinez edo katalanez egin izanagatik, mundu zabalera hizkuntza desberdinetan barreiatuko zituztela, eta, noski, inor ez zela prentsa aretoan marruka hasiko edota bertatik kexaka irtengo.

Badirudi politikari katalanek argi xamar dutela zer nolako Errepublika eraiki nahi duten eta horrek zer nolako prozesua garatzea eskatzen dien; euren momentuak eta indar-harremanak ondo baliatuz. Gustatuko litzaidake euskal politikariek halako ikuspegia eta argitasuna erakutsiko balituzte, euskarari dagokionez. Zoritxarrez, nazioarteari ingelesez hitz egiten eta euskaldunoi gehienetan gaztelaniaz hitz egiten jarraitzen dute, eta, beraz, botere-posizioak euskararen normalizaziorako baliatu beharrean, egungo status-quoa betikotzean sakontzen dute. Esan beharko dugu, horretan ere badugula Kataluniatik atera beharreko makina bat irakaspen.

Saretu:

3 Responses to Katalanaren eta euskararen botere-lehiak (Iker Salaberria)

  1. Urtzi Urrutikoetxea 2017-10-17 at 11:09 #

    Interesgarria hausnarketa, nahiz eta ez nagoen guztiz ados. Katalanek behin eta berriz erabili dute ingelesa, Romevak nagusiki, baina baita gainontzeko lider guztiek ere. Euskal ordezkari garrantzitsuenek berriz, atzerrian espainolez egiten dute ingelesez ez badakite (ingelesera itzuli behar bada mezua, zergatik ez egin euskaraz?).

    Horren guztiaren atzean, zuk diozun bezala, hausnarketa egin izana dago: katalanek badakite beren jarduna katalanez dela, eta karril zentrala ematen badiozu zure hizkuntzari, ez da arazo bazterretik ingelesa, espainola, frantsesa edo beharrezko dena erabiltzea. Bertsozale Elkarteak konplexurik gabe egiten du espainolez hala behar duen aldi bakanean, bere jarduna guztiz euskalduna denez. Ñabardura bat: katalanek hausnarketa egin dute, baina oso eztabaida bizia ere badago Kataluniako errepublikaz, ez hainbeste katalanaren lekuaz, baizik eta espainierak izan beharrekoaz (BERRIAko erreportajean badakar zerbait, Vicent Partalek edo Albert Pla i Nualart are argiago adierazi izan dute)

    Katalanek ‘galleguització’ kontzeptua dute euren beldurretako bat adierazteko: katalan hiztunik gabe galtzea baino, espainieran urtzea, kalko bihurtzea, berezko adierazkortasunik gabe. Gurean gutxi hausnartu da horri buruz, euskara urrunago dagoelakoan, baina baditugu horren zantzuak guk ere. Baina ‘galleguització’ horren aldamenean, ‘euskarització’ kontzeptua ere irakurri nuen aspaldi ez dela, eta askok hizkuntza-aldetik nola ikusten gaituzten adierazten du: euskara hizkuntza sinboliko bihurtuta, beharrezko dena erabili baina guzti-guztia eta automatikoki elebitan ematen baduzu (askotan jatorrizkoa espainieraz sortuta, gainera), euskarazkoa elementu sinboliko bihurtzen da, eta komunikazioa hizkuntza hegemonikoan da. Tamalez, hori da gurean gailendu dena: euskarari lehentasuna ematean ere, ia % 100 espainierara itzuli, eta lider politiko nagusiek, gehienez ere, twitter kontu elebiduna dute, mezu guzti-guztiak euskaraz eta espainolez ematen (zeinak sinboliko bihurtzen duen euskarazkoa).

    Gaur eta hemen, suizida da eragina izan gura duen mugimendu politiko batentzat espainola ez erabiltzea. Gertatzen da, baina, ez dagoela hausnarketarik, noiz eta nola erabili behar den hizkuntza hori, sistematikoa izan ordez hausnarketa baten ondorio izan dadin: jardun nagusia, karril zentrala euskaraz egin, eta gero hausnartu, ezer itzuli behar bada, mezuaren zer zati den, testuinguruaren arabera.

    • Josu Larrea 2017-10-17 at 13:39 #

      Aupa Urtzi!

      Biekin nagusiki ados. Zehaztearren, ‘galleguització’ edo ‘euskarització’ baino, “hizkuntza periferikoen dialektalizazioa” delakoan. Galizan telebista entzutea baino ez dago konturatzeko, Katalunian duela 35 urte salatzen zuten jadanik bide hori, eta geurean…Euskaltzaindiak zein PNVk bultzada galantak eman izan eta ematen dizkiote.
      Estatu nazioanitzek jorratutako menpeko nazio hizkuntzen desagerpena helburu, “notándose el efecto sin que se note el cuidado” mendez mende eta egunez egun.

      Bestela, funtsa sakon zein larrian ados, gainontzeko politikariei ardura(gabekeria)ren txatalik ere kendu gabe.

  2. Iker Salaberria Urkizu 2017-10-17 at 12:02 #

    Hasteko eta behin eskertzen dizut zure iruzkinak eta ekapenak egin izana. Egindako kritika ulertuta, uste dut, gauza batzuetan nire artikulua modu kategorikoegian interpretatu duzula. Alegia, ez dut inongo unetan proposatu katalana, edo gure kasuan euskara, soilik erabili beharko litzatekeenik kasu guztietan. Aldiz, bai planetatu nahi izan dut, askotan politikari euskaldunek izaten dituzten botere-posizioak ez dituztela baliatzen euskararen normalizazioaren mesedetan. Eta hautu hori ez egiteak egungo status-quoan sakontzea ekartzen duela.

    Horrek ez du kentzen, momentuaren, kanalaren eta xede-taldearen arabera, beste hizkuntzak ere erabili behar izatea. Halako hausnarketa egin izan den leku batetik, baliagarriak eta esanguratsuak izan daitezkeen erreferentziak aipatu nahi izan ditut, zuk diozun bezala, euskal politikarien hizkuntza erabilera horren atzean egon litekeen hausnarketa eta estrategia falta azpimarratzeko.

Utzi erantzuna