Sarea

VI. Inkesta soziolinguistikoa eta gero, zer? (Zigor Etxeburua Urbizu)

ZigorEtxeburua

Berriki ezagutzera eman dira VI. Inkesta soziolinguistikoaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emaitzak. Ohikoa denez, izango dira ikuspegi ezberdinak, datu berberen gainean. Euskararen biziberritzea kezkatzen gaituen eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea interesatzen zaigun seinale.

Datuen alderaketa diakroniko bat egin du Jaurlaritzak, 25 urte atzera jarriz soa eta egindako bidearen balorazio positiboa eginez. Aitortu ere aitortu du herri honek egindako lana. Merezi luke, bai, 25 urte horien intrahistoria egitea ere, baina ez da hori honen asmoa.

Azterketak utzi dituen izenburu nagusiak hauek dira:

  • Hazten jarraitzen dute euskaldunen eta euskaldun hartzaileen kopuruek. Aipagarriak dira Arabako hazkundearen eta erabilera aitortuaren erritmoak, Bizkaian hazkundearen erritmoari eustea eta Gipuzkoan herritarren gehiengoa euskalduna izatea.
  • Euskalduntze prozesuan funtsezkoa izan da euskarazko hezkuntzaren eta euskaltegien egitekoa. Heren bat baino gehiago dira ikastetxean edota euskaltegian euskaldundu direnak.
  • Haurrak euskaran sozializatzeko, funtsezko aldagaiak dira gurasoen euskara gaitasuna eta atxikimendua.
  • Euskalduntzea prozesu hiritarra eta gaztea izaten ari da.

Eta zer ezkutuko titular eman ditu azterketak, zein da ifrentzua?

  • Euskalduntze erritmoa motelegia da. Azken hamar urteotako erritmoari eutsiz eta egungo baldintzetan, 174 urte beharko ditugu herritar guztiak euskalduntzeko.
  • Hezkuntza sistemak ez du lortzen erabateko euskalduntzea, eta ez du eskaintza osoa euskaraz ziurtatzen (euskalduntzen ez duten A eta B ereduetan ikasten du haurren laurdenak; Lanbide Heziketan soilik 4tik 1ek ikasten du D ereduan; graduondokoetan, soilik kredituen %10 eskaintzen ditu Unibertsitate publikoak, euskaraz).
  • Gune euskaldunenetan, euskararen erabilera behera egiten ari da, etengabe, beste arrazoien artean, biztanleen mugimenduaren ondorioz.
  • Gazte euskaldun prestatuak talka egiten ari dira kristalezko sabai bilakatu zaien gizarte heldu erdaldunarekin.

Beraz, zer dugu egiteko, nondik hobetu?

Hiru hamarkada joan dira euskara hizkuntza ofizial izendatu zenetik, eta gizarte bizitza ez da euskaraz, oraindik. Ordea, biztanleria aktiboa nagusiki euskalduna izango da, berehala. Aukera eta errealitate horri erantzun behar zaio, jadanik, EAEko hizkuntza-politika eguneratuz eta normalizazioari epea jarriz. Horretarako, politika proaktiboak eta eragingarriak eta erritmo egokiak ezarri behar dira administrazioa, arlo sozioekonomikoa eta kulturaren eta aisiaren esparruak euskalduntzeko.

Horrekin batera, baztertu behar dira euskalduntzen ez duten hezkuntza ereduak, eta oraindik euskaldun ez diren horiek euskaldun bilakatzeko estrategia ezarri behar da. Iñaki Iurrebaso soziolinguistak esan bezala, ‘euskararen ezagutza erabileraren zorua delako, eta euskararen erabilera hizkuntza gaitasunaren motore.’

Euskaraz bizitzeko hautua egiten duten guztiei, belaunaldi berri euskaldunei, urteotan euskaldundu diren milaka herritarrei eta, oro har, herritar guztioi euskarazkoa izango den bizimodua eskaintzeko garaia da.

Saretu:

Trackbacks/Pingbacks

  1. VI. Inkesta Soziolinguistikoaren EAEko datuak aurkeztu dira - Topagunea | Euskaltzaleen Topagunea - 2016-11-08

    […] VI. Inkesta Soziolinguistikoa eta gero, zer? (Zigor Etxeburua, Kontseilua) […]

Utzi erantzuna