Sarea

“Ekitaldi parte-hartzailea, bisuala, artistikoa eta metaforikoa izango da Anaitasunan egingo dena”

Apirilaren 25ean ekitaldia egingo du Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna pabiloian. Arratsaldeko 18:30an izango da eta herritarrei gonbita egin diete prentsaurrekoan, bertara daitezen. Gisa honetako lanak egiten espezialista taldea egon da lanean, Eneko Olasagasti zinemagile eta ekoizlea buru. Olasagastik, telebista, zinema, zein antzerkirako lan andana ekoiztu du eta eskarmentu handia du ekitaldi artistikoak antolatzen. Kontseiluko ordezkari Maite Indarekin batera egin du agerraldia Olasagastik.

IMG_2531

Kontseiluko kide Maite Indak, testuinguruaren inguruan hitz egin du lehenik eta horrela definitu du euskaldunok Nafarroan bizi dugun egoera: “gure hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen direla bai alor publikoan nola pribatuan ere. Urraketa horren iturburua euskararen desagerpena bilatu duen hizkuntza-politika da. Azken urteotan, UPNren zoritxarreko garaian, hizkuntza baten desagerpena ekartzen duen jardun politikoa biziki areagotu da”.

Herritarren eguneroko bizitza bera baldintzatzen duten egiturazko erasoak ezagutu ditugula esan du Indak, hala nola: haurrek euskaraz ikasi ahal izateko milaka kilometro eginaraztea; administrazioaren aldetik etengabeko eskubide urraketa; intoxikazio kanpainak, murrizketa ekonomikoak, bazterketa soziala, oro har.

Horren aurrean, zera aipatu du Kontseiluko kideak: “Nafar herritarron hobe beharrez aldaketa ezinbestekoa da. Gure hizkuntza ezin da normalizatu orain arteko politikak aplikatuz eta ondorioz, hizkuntza-politika berri bat behar da. Axaleko aldaketa baino, egiturazko aldaketa behar da egoera iraultzeko aukera emango diguna. Anaitasunako ekitaldiaren helburuetariko bat, beraz, egiturazko aldaketa zertan datzan azaltzea izango da. Euskalgintzak euskararen normalizazioan aurrera egiteko beharrekoak diren urratsak, neurriak… aurkeztuko ditu”.

Hizkuntza-politiketan eman beharreko aldaketa horrek ikuspegi sozial zein politikoa izan behar duela azaldu du Indak. “Norbanakook badugu zer esana prozesu honetan eta baita eragile sozialek eta politikoek ere eta bakoitzak dagokion mailako erantzukizuna du prozesu horretan. Garai berrian bakoitzak nola jokatu behar duen definitu eta aurkeztuko dugu”.

Egiturazko aldaketa hori elkarren artean osagarri diren lau zutabe nagusitan oinarrituta egon behar dela ere azaldu du Kontseiluko kideak. Lau zutabe hauetan batera eman behar dira urrats eraginkorrak normalizazio prozesua azkartu eta berau eraginkorragoa izan dadin. Corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa dira normalizazio prozesua oinarrituko duten lau zutabe nagusiak. Horiek dira aldaketari sostengua ematen dioten zutabeak.

Bere hitzartzea amaitzeko, Indak “ekitaldia baliatu nahi dugu herritarrei eskerrak emateko. Euskarak egin duen bideak protagonista bakarra izan du urte hauetan guztietan: herritarrak. Etengabe lanean, eraikitzen, ikasten, irakasten… zailtasunez beteriko testuinguruan irtenbideak bilatzen jakin dute herritarrek eta etorkizunean ere, haiena izango da protagonismoa. Euskararen iraupenaren mirariaz hitz egiten dute kanpoko adituek, guretzat mirari horrek aurpegiak eta eskuak ditu, herritarrak dira miraria. Esker emate ekitaldia izango da. Gure protagonismo horren eta egoera aldatzeko dugun aukeraren kontzientzia hartzea izango da, ahalduntzeko indarra izango da”, esan du.

Ondoren, ekitaldiaren nondik norakoen berri eman du Eneko Olasagasti zinegile eta ekoizle donostiarrak.
“Ekitaldia ez da ohikoa izango. Protagonistak euskaraz bizi nahi duten herritarrak izango dira. Eta bertan biltzen garen guztiok batera osatuko dugu ekitaldia. Parte-hartzailea, bisuala, artistikoa eta metaforikoa izango da ekitaldia. Eta gustu eta adin guztietako pertsonentzat pentsatua. Ekitaldi berezia izango da, gure memorian geratuko den horietakoa, ezbairik gabe. Behin bakarrik egingo den zerbait izango da. Bizi esperientzia izango da, berriz errepikatuko ez dena. Eta ziurtatu dezakegu emozio handiko momentuak bizi ahal izango ditugula. Barrea, ilusioa, emozioa eta momenturen batean baita negarra eragiteko bide eman dezakeena”, azaldu du.

Horretarako, gisa honetako lanak egiten espezialista taldea egon da lanean, Eneko Olasagasti zinemagile eta ekoizlea buru. Olasagastik, telebista, zinema, zein antzerkirako lan andana ekoiztu du eta eskarmentu handia du ekitaldi artistikoak antolatzen.

Oholtzan egongo direnez aparte, harmailetan egongo direnek ere protagonismo handia izango dutela esan du zuzendari artistikoak. “Hainbat momentutan denon parte hartzea eskatzen duten ekintzak egongo dira. Txalo, txistu eta oihu egingo dugu. Zer pentsatu ugari emango duen ekitaldia izango da”.
Oholtza gainean, besteak beste, Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariak eta Demode Quartet musika taldea izango ditugu. Baina, esan bezala eskenatoki definiturik gabeko ekitaldi honetan, dena da eskenatokia, denak gara protagonistak.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna