Sarea

Erantzukizunez jokatuz, euskaldunok behar dugun legea bultzatuko dute gizarte eragileek ere

Mobilizazioa_GizarteEragileak

Hainbat gizarte eragileetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur. Urriaren 27an Behingoz euskara ofiziala Nafarroa osoan lelopean egingo den mobilizazioari atxikimendua eman eta bertan parte hartzeko deia luzatzeko. Media Luna parketik, Gazteluko plazatik eta Iturramatik abiatuko dira hiru zutabe, justizia, berdintasuna eta kohesioa aldarri. Amaierako ekitaldia autobus geltokiko belardian izango da.

Mezu hau irakurri du Iruñeko Peñen federazioko kide Imanol Azkonak guztien izenean: “Urtetan, euskaldunok pairatu behar izan dugu gure hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, Nafarroan, eta lurraldearen zati handi batean eskubideen aitortza eza. Horrela, euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan gara, gehiegitan. Hizkuntza-eskubideak herritarren oinarrizko eskubideak dira, baina Euskararen Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dizkie herritarrei. Euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez zaio aitortzen herritarrari:

  • Gizarte kohesioaren aurka egiten du, tentsioak eraginez eta pertsonei bizimodua zailduz.
  • Irudi txarra zabaltzen du gutaz, bazterkeria legez jasota duen komunitate bat aurkeztuz.
  • Ez du euskararen garapena ahalbidetzen. Ez da dinamikoa, ez da gizartearen euskalduntzearekin batera eguneratu.

Zailtasunak zailtasun, herritarron nahiak eta lanak ekarri gaituzte gauden tokira, eta euskaraz bizitzeko ilusioa eta helburu hori lortzeko gogoa bizi-bizi daude. Hain zuzen, euskaraz bizitzeko herri gogo hori ere izan zen 2015ean gertatutako aldaketa politikoaren eragileetako bat.

Aurten, euskararen garapenaren aldeko aukera leiho bat zabaldu da Nafarroako Parlamentuan, Euskararen Lege berria egiteko ponentziaren bidez. Horregatik, abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu behar du Nafarroako gizarteak, lege berri bat onduz egiazki eta efektiboki aitortu eta berma daitezen euskaldunon hizkuntza-eskubideak, behingoz.

Orain, alderdiei dagokie oinarri berri sendoak jartzea, lege berriak erantzun diezaien herritarron beharrei, eta etorkizun hobe bat izan dezagun Nafarroako berezko hizkuntza den euskarak eta euskaldunok, eta eskubide berdintasunean, injustiziak zuzenduz, herritarron ongizatea zainduz eta gizarte kohesioa erraztuz.

Euskaldunok merezi eta behar dugun lege babesaren alde egiteko unea da hau. Guztion erantzukizuna da, bakoitzak bere aldetik, norabide berean bultza egitea. Horregatik, bat egin dugu mobilizazioarekin. Euskaldunontzat ona izango den Legea egiteko aukera hau bultzatuko dugu.

Jada 80 eragilek egin dugu bat mobilizazioarekin. Bilgune feminista, Paris 365, Katakrak, El Salvador Elkartasuna, Euskal Herria Mendi Erronka, Iruñeko Peñen Federazioa, ELA, LAB, CGT, Steilas, ESK, Hiru, EHNE, EH 11 kolore, Ernai, Errigora, Herri Kirolen Federazioa, NIZE, Olatukoop, Orreaga fundazioa, Kebenko, Gora Iruñea, Manuel de Irujo Fundazioak, San Fermin 78 eta Kattalingorri, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen aldeko elkarteak, besteak beste”.

Eragile gehiagok atxikimendua eman nahi izatekotan, kontseilua.eus webgunean dago aukera.

Saretu:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna