Bide eman euskarari, berdintasunaren alde! lelopean egingo da abenduaren 16ko manifestazioa

2017ko abenduaren 05a Iruzkinik ez

IMG_8312Kontseiluko bazkideen ordezkariekin batera agerraldia egin du Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. Bertan, hilaren 16an egingo den manifestaziorako urgentziazko deialdia egin dute. Azken asteotan gertatutakoek, bereziki zerrenda bakarraren aferak, bultzatuta. Gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde eta nafarren eskubideen berdintasunaren aldeko mobilizazioa izango da eta baita hainbat eragile sustatzen ari diren jarrera antisozialak salatzeko ere.

Agerraldia hasteko, nondik gatozen ekarri du gogora Bilbaok: “2015etik, euskalgintza bultzatzen aritu da Nafarroako erakundeetara aldaketa politikoa iristeko, euskaratik ere. Anaitasuna pabilioi beteak erakutsi zuen euskaraz bizi nahi duen herriaren gogo indartsua, gerora hauteskundeetan gauzatu zena.

“2016an, manifestazioa egin genuen Bide eman euskarari lelopean, bultzatzeko Gobernua neurri ausartak hartzera. Ideia hori berresteko, urtearen hondarrean, luma eskaini genien Nafarroako alderdiei eta erakundeei, bidezkoa izango den aldaketa gauzatzeko”, gehitu du Kontseiluko eledunak.

Legealdiaren lehen erdian, Gobernuak zenbait urrats egin dituela onatu du Bilbaok, baina hauek herabeegiak izan direla esan du eta Kontseiluak horiek kritikatu dituela gehitu. “Ordea, orain, hezkuntzako lan deialdietan zerrenda bakarra erabiltzeko Gobernuaren erabakia ausarta ez ezik egokia ere izan da, eta horrela jakinarazi dugu publikoki. Euskaldunok behar dugun aldaketaren erakusgarri da, zalantzarik gabe, euskaldunak zokoratu eta diskriminatu dituen araudia baliogabetzea”.

Hezkuntza sailaren erabaki aurreragarria deusezteko, lege bat proposatu du PSNk, premiazko prozedura erabiliz, eta Gobernua sustengatzen duen Izquierda-Ezkerraren laguntzaz. Gogoratu du, halaber, legealdi hasieratik izan duela Kontseiluak kezka, laukoan adostasunik ez zegoelako euskarak eta euskaldunok behar ditugun aldaketak gauzatu daitezen.

Argi azaldu du Bilbaok azken egunotan gertatutakoaren inguruko iritzia: “zerrenda bakarraren aurka eginez, gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka ari dira. Gainera, lanerako eskubidea zalantzan jartzen ari dira, euskara ez jakiteko pribilegioari eutsi nahian, eta euskara jakitea zigortzen ari dira. Alde orotatik da antisoziala”.

Gobernuaren erabaki aurreragarri hau babestu babesteko deia egin die euskaltzaleei, “euskararen mesederako izateaz gain, gizartearen normalizazioaren onerako baita. Konplizitateak eraiki behar ditugu euskaraz bizi nahi dugunon artean, eta euskaldunon eskubideon aurka ari direnen jarrera baldintzatzea lortu behar dugu, kaletik. Herritarrek ez dute ulertuko ezta onartuko ere berreskuratzea UPNk indarrean jarritako erabaki baztertzaile bat, aldaketa politikoa ahalbidetu zuten alderdi batzuen babesarekin. Entzun gaitzatela”.

Amaitzeko, manifestaziorako hitzordua gogoratu eta bertan parte hartzeko deialdia egin du Kontseiluko ordezkariak. Abenduaren 16an izango da manifestazioa, eguerdian, Iruñean. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da eta Bilbaok esan duenez, “gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde, nafarren eskubideen berdintasunaren alde”, egingo da.