Europak bere egin ditu Euskalgintzaren Kontseiluaren oharrak eta kargu hartu dio Espainiako Estatuari

2021ko apirilaren 02a Iruzkinik ez

Martxoaren hasieran Europako Kontseiluak Euskalgintzaren Kontseilura jo zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruz Espainiako Gobernuak egin duen txostenaz iritzia eskatzeko. Euskalgintzaren Kontseiluaz gain, beste hainbat hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragile nagusiengana ere jo zuen. Martxoaren 31n argitaratu zuen ebaluazioa Adituen Batzordeak, alde guztien txostenak jorratuta.

Euskalgintzaren Kontseiluak begi onez hartu du Batzordearen ebaluazioa: «Esan behar dugu, Kontseiluak egin zituen ohar gehienak bere egin dituela, eta ohartu dela, guk adierazi bezala, Espainiako Estatuak ez dituela bete berehala bete beharreko gomendioak» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Euskarari dagokionez, bi eremutan kokatzen ziren Europatik egindako berehala bete beharreko gomendioak: justizia administrazioan eta Espainiako Estatuko administrazioan.

Justiziaren eremuan irmotasuna

Kontseiluko idazkari nagusiak justiziaren eremuan Adituen Batzordeak agertu duten irmotasuna azpimarratu nahi izan du: «Ohartarazi dio Estatuari legea aldatzeko eskatu zaiola lehen ebaluaziotik eta ez duela inolako urratsik egin horren inguruan. Are gehiago, Batzordea ohartzen da interpretea jartzeak eragina duela herritarrek tokiko hizkuntza erabiltzeko egiten duten hautuarekin. Gainera, Gutunak ezarritako beharren kontrako norantzako ikuspegia duela leporatzen dio Estatuari». Balorazioari erreparatuta, «harrituta gaude, baina eskertuta», adierazi du Bilbaok, batez ere «Adituen Batzordeak agertutako sendotasunarekin».

Estatuko Administrazioari dagokionez, Adituen Batzordeak berariaz jaso du Euskalgintzaren Kontseiluak helarazitako kexa; hain zuzen ere, 2018ko lan deialditan ehunka lanpostutan euskararen ezagutza derrigorrezkoa edota merezimenduzkoa ez izatea. «Hor ere ohartu dira Estatuak edota gizarte eragileek helarazitako informazioa oso desberdina dela. Halere, Estatua bultzatzen dute oinarrizko informazioaz harago, formularioak eta abarrekoak berezko hizkuntzetan ere eskuragarri jartzera», adierazi du Kontseiluko eledunak.

Beste politika baterako deia

Kontseiluko ordezkariak dei egin nahi izan dio Espainiako Gobernuari beharrezko urratsak egin ditzan: «Duela aste batzuk aukera izan zuten Legez Besteko Proposamenaren bidez Europatik egiten zaizkien gomendioak betetzeko bide berri bati ekiteko, eta hainbat alderdik muzin egin zioten. Zalantzarik gabe, gomendio berri hauek berretsi egiten dute, gizarte eragileok Madrilen esan bezala, beharrezkoa dela Estatuaren politikak beste norabide bat hartzea. Herritarren eskubideak ez ezik, Estatuak berak berretsita dituen nazioarteko itunak ere bermatzeko», gaineratu du Paul Bilbaok.