Urola-Kostako langileak gizarte-erantzukizunez lan-mundua euskalduntzeko prest

2017ko uztailaren 07a Iruzkinik ez

UrolaAitzindariElayb20170703_1Urola Aitzindari ekimenaren baitan, Antzuolako Elay enpresara bisita egin dute ekimenean parte hartzen ari diren enpresetako hainbat ordezkarik. GKN Driveline (Zumaia), Sammic (Azkoitia), Indaux (Aia – Getaria), Artadi alimentacion (Zumaia), Biele (Azpeitia), San Jose egoitza (Azkoitia), J.J.A. Producciones (Azpeitia), KSB Itur (Aia) eta San Martin Egoitza (Azpeitia) egon dira ordezkatuta. Lan-mundua euskalduntzeko zutabeetatik bat da langileena.

Elay aitzindaria da enpresan euskara plana ezarri dutenen artean. 1992. urtean abiatu zuten lan hori eta euskaraz lan egiten dute aspaldi. Beste hainbat enpresarekin batera, Kontseiluak gidatutako Euskaragileak enpresa batzordeko kide da. Euskaragileak batzordean lan-munduan aitzindari diren enpresak biltzen dira.

Urola Kostako langile taldea Elayko Jon Peli Uriguenek hartu du. Zer den euskaraz lan egitea, prozesu hori nola garatu duten Elayn eta beste azaldu dizkie.

Kezka bat izan da baten baino gehiagoren ahotan: Urola Kosta eskualde euskalduna izaki eta askotan enpresa bateko langile ia denak euskaldunak izanda, lana erdaraz egitea. Alegia, nominak, barne mailako informazioak… erdara hutsez egotea eta modu naturalean hartzea horiek. Egoera hori irauli nahi dute proiektuan parte hartzen ari diren langile hauek. ELAren eta LABen inplikazioari esker kontzientziazio tailerrak egin dituzte eta ekimena lantzen ari dira.

UrolaAitzindariElayb20170703_2Eskualde euskalduna izaki, aipatu dute maiz lan-mundua ikasleak erdalduntzeko lekua izaten dela, ohiturak aldatzea eragiten diena. Langile talde honek, aipatutako sindikatuen laguntzarekin gizarte-erantzukizunez jokatu eta egoera aldatzeko prozesuan murgiltzeko prest daudela adierazi dute argi.

Udazkenean hurrengo urratsa egingo du Urola Aitzindari ekimenak eta enpresetako arduradunekin egingo da lanketa. Euskaragileak enpresa batzordearen aurkezpena egingo zaie, haiek hartutako bidea har dezaten.