Sarea

Europako Hizkuntza Gutxiagotuen aldeko gizarte eragileak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari ekarpenak egiteko prest

Bukaresten izan da Europako Hizkuntzen Berdintasunaren Aldeko Sarea – ELEN erakundearen Batzar Nagusia eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du parte

ELEN-BUKAREST20151010

Europako hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten gizarte eragileen bilgune nagusi den ELENen urteko Batzar Nagusian, parte hartzaileek azken urtean hizkuntza bakoitzaren garapenean izandako gorabeherak azaldu dituzte. Horren karira Kontseiluko idazkari nagusiak salatu du Espainiako zein Frantziako Estatuek hizkuntza politiketan izandako jarrera erasokorra. Horren karira, azken ikasturtean bai Prefetak bai Espainiako Gobernuak EAEn zein Nafarroan dituen ordezkariek euskaldunon eskubideen kontra hartutako erabakiak azaldu ditu, bai eta horien aurrean gizarteak emandako erantzuna ere. Nafarroako Gobernuan izandako aldaketa ere hizpide izan du Kontseiluko ordezkariak eta Kontseiluak eragile politikoei benetako aldaketa eman dadin apirilean aurkeztutako dokumentuaren nondik norakoak azaldu dizkie parte hartzaileei.

Horrekin batera Kontseiluko ordezkariak Donostia 2016 Fundazioarekin batera antolatzen ari den Goi Bilera aipatu du. Kontuan hartuta ELEN Talde Antolatzaileko kide dela orain arte urratutako bidea azaldu du Bilbaok. Horrela, ELEN osatzen duten gizarte eragileek Protokoloaren garrantzia azpimarratu dute, bai eta horren beharra ere. Hartara, partaide guztiak prest agertu dira Protokoloari ekarpenak egiteko. Bilbaoren esanetan “Gaur Bukaresten hizkuntza gutxiagotuen garapenaren alde lan egiten duten hainbat gizarte eragileri entzun ondoren, gero eta nabariagoa da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren garrantzia. Batzarreko partaideek balio handia eman diote sortuko den Protokoloari, batik bat gizarte eragileak motore izango direlako eta ezelango interes alderdikoirik egongo ez delako.”

Bestalde, ELENeko Batzar Nagusiak zenbait ebazpen onartu ditu aho batez. Horietako batean urriaren 24an Frantziako Estatuko hainbat hiritan, Baiona barne, hizkuntzen ofizialtasunaren alde antolatu diren manifestazioei sustengua eman diote ELEN osatzen duten gizarte eragileek. Horrekin batera, ELENek hurrengo urterako zuzendaritza batzorde berria hautatu du. Kontseiluko ordezkariak lehendakariordetzetako batean jarraituko du beste urte batez.

Azkenik, eta Espainiako Ministerioak auzitegian zabaldutako prozedura eten izanaz Bilbaok esan du, berriz ere zurrunbilo baten erdian sartu nahi dutela Kontseilua. “Ikuspegi juridikotik ulergaitza da Espainiako Ministerioak egindako urratsa, eta berretsi egiten du martxoan jarritako demandak bestelako interesei erantzuten ziela, ez ordea, proiektuari. Hau guztia interes politikoen arabera kudeatzeak ez dio laguntzen proiektuaren garapenari. Orduan esan genuen demanda horren atzean arrazoi juridikoez haratagoko arrazoiak zeudela eta Ministerioaren azken mugimendua ikusita, berretsi egin da guk esandakoa. Hortaz, Kontseiluak sinatutako hitzarmena juridikoki erabat blindatuta zegoela berretsi nahi dugu, eta gure erakundea auzitan jarri nahi izatea salatu nahi dugu. Horrekin batera oso larria iruditzen zaigu guri eta proiektuari zuzenean eragiten dizkioten gertaerak hedabideen bidez jakin behar izatea. Kontseiluak elementu guztiak eskuartean dituenean egingo du orain arte gertatutako guztiaren balorazio publikoa”.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna