Sarea

Euskal Elkargoak bozkatutako deliberoak: urrats bat, bide luzea egiteko

Euskal_Hirigune_ElkargoaEuskal Elkargoko Herriarteko Kontseiluak euskara bere lurraldeko hizkuntza gisa ofizialki aitortu du delibero baten bidez. Euskararen alde gisa horretako adierazpen bat onartzen den lehen aldia da. Horrekin batera, Euskal Hirigune Elkargoaren Euskararen Aldeko Politika delako dokumentua onartu du. Bertan hizkuntza-politikaren erreferentziazko koadroa osatzen da: ildo nagusiak, estrategiak eta helburuak zehaztu dira eremuz eremu. Bilkuran izan dira Kontseiluko ordezkariak, Paul Bilbao eta Haizpea Abrisketa.

Bilbaok gogoratu du Kontseiluak, Euskal Konfederazioarekin batera, hizkuntza-politikaren dokumentuari ekarpenak egin zizkiola. “Gaur onartu den dokumentuak eremu zabal bezain mamitsuak hunkitzen ditu, bai sustapen politikak jartzeko asmoetan, baina baita instituzioaren barne eta kanpo funtzionamoldeari begira ere. Horrela, euskal hiztunek aukera izango dute euskarazko zerbitzua jasotzeko eta hori aitzinamendua da” adierazi du Kontseiluko ordezkariak.

Kontseiluak azpimarratu nahi izan du eragile, instituzio eta hautetsiek jakin izan dugula indarrak biltzen eta borondateak elkartzen hizkuntza-politika ahalik eta aintzinatuena plantan ezartzeko. Halere, Kontseiluak gogorarazi nahi izan du gaur egun karrikatik instituzioetara ematen den jauzia ez zela posible izanen hamarkada luzaz euskaltzaleek egindako lan iraunkorrik gabe eta haiei zor zaie lehen aitortza.

Dena den, Kontseiluak ordezkariak adierazi du euskal hiztunak ez dituela hizkuntza-eskubideak aitortuak. “Lege babesik ez egoteak muga anitz ekartzen dizkio euskararen garapenari, bai euskal hiztunei, bai eta euskal instituzioei ere. Frantziar estatuaren hizkuntza-politikak ziurgabetasunean uzten du euskararen garapena eta Kontseiluak lanean segituko du euskal hiztunen hizkuntza-eskubide guztiak aitortuak izan daitezen” gaineratu du Bilbaok. Izan ere, euskara lurraldeko hizkuntza gisa ofizialki aitortu badu ere, ez da hizkuntza ofiziala.

Bukatzeko, Kontseiluko eledunak elkarlanerako deia luzatu dio Elkargoari: “Orain aukera ezin hobea du Euskal Elkargoak erabakitakoa obratzen hasteko eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko, bide horretan euskalgintza lagun izanen du.”

Saretu:

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna