Sarea

Euskaltzaleek oztopoen gainetik euskaraz biziko direla aldarrikatu dute Donostian

Batzeneko kideek guztien izenean agiri hau irakurri dute: 

Gaurkoan hemen bildu gara, euskaraz bizi nahi dugun hainbat lagun. Euskaraz bizi nahi horrek batzen gaitu, elkartasun hariak josten ditu gu guztion artean.

Donostia20150221

Mingarria da ordea, beste zenbaiten aldetik, agintari arrotzen eskutik, euskaraz bizi nahi hori itotzeko, euskara hil-hurren uzteko, euskaldunon aurka duten erra etengabea. Euskaldunok euskaraz bizitzeko aukera bakarra dugun gure herrian, euskaraz bizitzea bezain asmo soila gauzatu ahal izateko neurriak, ez direla legezkoak diote.

Bada garaia, horiei, euren aginduak gurean ez direla zilegi esatera. Gure herriaren berezko hizkuntzan bizitzeko eskubidea eta asmo dugula irmo adierazteko. Gure hizkuntzari lotutako erabakiak hartzeko aske izan nahi dugula esateko.

Euskaraz bizi nahi dugun pertsonak gara eta euskaraz bizitzeko determinazioa dugunak. Euskaltzaleak gara, jartzen dizkiguten oztopoei aurre egiteko prest gaudelako, euskaraz bizitzeko hori egitera behartzen bagaituzte. Baina, euskaltzaleak gara, euskaraz bizitzeko neurriak hartzen dituztenak babesteko eta txalotzeko prest gaudelako ere.

Argi dago euskaraz bizi ahal izatea ez dagoela soilik herritarron esku. Euskaraz biziko bagara, ezinbestekoa da herritarron eta instituzioen konplizitatea. Bide horretan, neurriak hartu eta aurrera egiten badute, argi izan dezatela, bidelagun izango gaituztela. Aukera hau baliatu nahi dugu, hain zuzen, oztopoen gainetik aurrera egitea erabaki duten horiek zoriontzeko eta gainerako instituzioei ere bide berean urratsak ematera gonbidatzeko Ez ditugu bakarrik utziko eta oztopoei elkarrekin egingo diegu aurre.

Gaur hemen bildu garen taldea Euskal Herrian zehar dagoen grinaren lagin bat gara. Geroz eta euskaltzale gehiago ikusten dugu han-hemenka euren euskaraz bizitzeko nahian irmo. Oztopoen gainetik, aurrera egiteko determinazioa erakusten duen jendea ugaritzen ari dira. Bide horretan bat eginez gero, euskaltzaleon, euskaraz bizi nahi dugunon elkartasunak horma altuenak, oztopo gaiztoenak ere gainditzeko indarra izango du.

Horregatik, euskaltzale horiei guztiei dei egiten diegu, datorren larunbatean, otsailaren 28an arratsaldeko 17:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Guztiok argi adierazi dezagun: oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara!

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna