Sarea

Euskararen Lege berria idazteko eskatu dio Kontseiluak Nafarroako Parlamentuari

Condestable20161216

Vascuencearen Legearen 30. urteurrena aitzakia hartuta, ekitaldia egin du Kontseiluak Iruñeko Kondestable Jauregian. Paul Bilbaok, idazkari nagusiak, Parlamentuko presidenteari, Ainhoa Aznarezi, lege berria idazteko luma oparitu dio. Ekitaldian, urte hauetan guztietan Legeak ezarritako egoeraren ondorioz izan dituzten bizipenen berri ere eman dute hainbat herritarrek. Alderdietako, eragile sozialetako eta euskalgintzako ordezkariak izan dira ekitaldian.

Ekitaldia egitearen arrazoiak azaldu ditu Bilbaok: “Iaz, gaurko egunarekin, Kontseilua osatzen duten eragileek, eta nik neuk, agerraldia egin genuen Nafarroako Parlamentuan. Gure etorkizunaz, gure eskubideen aitortzaz, bizikidetzaz, kohesioaz eta abarrez eztabaidatzen eta erabakitzen den eraikinera joan ginen eta eskaera bat egin genuen: Euskararen Legeak ez dezala hogeita hamargarren urteurrena bete”.

“Tamalez, urtea joan da, eta gaur lege horrek hogeita hamar urte bete ditu, eta arrazoi horregatik antolatu du Kontseiluak ekitaldia. Ez, noski, lege horren urteurrena ospatzeko, ongi dakizuen bezala ospatzeko arrazoirik ez baitago, aitzitik, lege horren azpian hogeita hamar urtez egon izana asko, gehiegi, izan dela ohartarazteko”, gehitu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Orain dela hogeita hamar urte herritarrei eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortuko zizkien legea luma zorrotzek idatzi eta onetsi zutela esan du Bilbaok. “Tinta beltzadun lumak erabili zituzten, bai, eta luma horiek idatzitako legeak arrasto ezkorra utzi du azken hamarkadotan”.

Seme-alabak euskaraz eskolaratu nahi izateagatik izandako trabak, euskara ikasteko trabak, euskaraz lan egiteko trabak, haurreskoletan euskaraz ikasteko trabak izan dituzte hizpide ekitaldian parte hartu duten hainbat herritarrek, tinta beltzadun lumekin idatzitakoaren ondorioak pairatu izan dituzten herritarrek, alegia.

Bilbaok gogora ekarri du hizkuntzari lotzen gatzaizkionean, ez garela ari herritarren kapritxoez edota elementu folklorikoez. Herritarren oinarrizko eskubideez ari gara, eta hori horrela izanik, herritarrak eskubidez gabetzeko ahalmena izatea latza dela salatu du.

“Aurreko hilabeteotan hizkuntza gutxituen berreskurapenaren alde lan egiten dugun hamarnaka eragileok gure eskubideak bermatu daitezen hartu beharreko neurriak adostu ditugu Donostiako Protokoloan eta Nafarroakoa bezalakorik ez dut ikusi Europa osoan. XXI. mendean bizikidetzaz, kohesioaz, justiziaz hitz egiten dugun honetan, bestelako Nafarroa bat buruan dugunean, ez al da unea bidegabekeria honi amaiera emateko? Nafarroa berria eraikiko badugu buelta eman diezaiegun orain arteko bidegabekeriei”, gehitu du idazkari nagusiak.

Nafarroan luma ederrak egon direla historian zehar aipatu du Bilbaok. Horrekin batera, herritarren lumekin ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan… milaka koaderno osatu direla gogorarazi du. 2000 urtean 50.000 herritarrek koloretako lumez sinatu zuten euskararen lege berri baterako eskaera ere izan du gogoan.

Ausardiaz, kemenez eta arduraz jokatzea eskatu du Paul Bilbaok, “horretarako babesa baduzue: eskutik goaz”. Bere hitzartzean erabilitako lumaren metaforari jarraituz, Kontseiluaren izenean

luma bat oparitu dio Parlamentuko lehendakariari, Ainhoa Aznarez andereari. “Etorkizun hobea, etorkizun justuagoa izan dadin beharrezkoak diren tresnak idazteko luma. Idazteko, bai, izan ere, paper zurian idazten ez badugu, arriskua baitago paperak hegan egiteko”.

Parlamentuko Presidente, Ainhoa Aznarezek, egindako eskaera jaso eta erantzukizunez Parlamentura eramango duela zin egin du. Behar den erantzuna eman dakion.

Etorkizuna idazten hasteko gonbita luzatu du Kontseiluko eledunak amaitzeko: “Has gaitezen etorkizuna idazten. Has gaitezen luma hauek berdintasunerako, kohesiorako, bizikidetzarako proposamena idazteko erabiltzen. Murrizketarik gabeko gizarte justu berri bat eraikitzeko balia itzazue, euskararen lege berri bat idazteko balia itzazue. Tresnak eskura daude, eskuan dituzue. Eskura gaituzue, eskura dezagun”.

Ekitaldian, besteak beste, aipatutako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezez gain, Nafarroako Gobernuaren izenean Mikel Arregi egon da. Gobernua osatzen duten lau alderdietako ordezkariak ere egon dira: Geroa Baiko Koldo Martinez, Euskal Herria Bilduko Bakartxo Ruiz, Podemos- Ahal Duguko Tere Saez eta Izquierda-Ezkerrako Marisa Simon, kasu. Besteak beste, Euskaltzaindia, sindikatuetako ordezkariak, eta Iruñeko eta Nafarroako hainbat udaletako ordezkariak ere izan dira bertan.

 

Saretu:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna