Sarea

Euskaraz bada, ikusiko zaigu irribarrea

irribarrea

EAEko Osasun sailak eta Osakidetzak kanpaina bat abiatu dute, haurren ahoko osasuna zaintzeko, “Irribarre egitea ez da ezer kostatzen” lelopean. Bada, lelo hori baliatu nahi dut, lotzeko zoriontasuna, zerbitzu publikoak euskaraz eskuratzearekin. Jakina da, funtsezkoa dela erabiltzaileok gure hizkuntza baliatzea, pertsonok osasun arloko profesionalekin ditugun harremanetan, gertutasuna eta konfiantza lortzeko. Euskaraz egiten digutenean, gure hizkuntzan lasai egin dezakegula nabaritzean, irribarrea agertzen zaigu. Inozoa dirudi, baina horrela da.

Gogoratu behar dugu, Osakidetzak ez dituela bere zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzen, oraindik, 2003. urtean onartu bazen ere Osakidetzan euskararen normalizazioa arautzen duen dekretua. Urteotan, ahalegin handiak egin dituzte langileek, euskaraz gaitzeko, erabiltzaile euskaldunok pazientzia galanta erakutsi dugu, gure hizkuntza hautua ez zela errespetatzen ikusita ere, eta erakundeek prestatu dituzte planak, jarri dituzte baliabide batzuk, zenbait tokitan aurrerapenak egin dituzte…, baina ezin dugu esan osasun zerbitzuak euskaraz eskuratzetik gertu gaudenik. Eta bada garaia!

Zerbitzuak erabiltzailearen inguruan ardazten dira, pertsonekin lan egiten da, pertsonentzako. Horregatik, urteotan lortu dugun aurrerapen soziolinguistikoarekin batera joan behar du zerbitzu publikoen euskalduntzeak. Osasun zerbitzuetan euskararen normalizazioa bizkortzeko erabaki politikoa hartu behar du Osakidetzak, bermatzeko herritarroi euskara erabiltzeko aukera efektiboa. Horretarako neurri eragingarriak ezarri behar ditu: langileen kontratazioetan euskara eskatzea; ordezkapenen kudeaketa zuzentzea; egungo langileen euskalduntzea azkartzea; langileei laguntzea euskaraz lan egitera iristen; profesional berri euskaldunak jardun euskaldunean txertatzea; euskarazko arretan, lehen hitzetik euskaraz egitea, euskarazko zirkuituak antolatzea eta harremana euskaraz ziurtatzea horrela nahi duten pazienteei; komunikazioan euskarari lehentasuna ematea; eta abar.

Osakidetzak bere II. euskara planaren ebaluazioa aurkeztuko du, gutxi barru, eta izango dugu erkatzeko aukera, Kontseiluak iazko irailean aurkeztutako ebaluazioarekin. Izango da eztabaidarik egindakoa eta egin gabekoa baloratzean, baina hori gutxienekoa izango da, bat etorriz gero osasun zerbitzuak lehenbailehen euskaraz eskaintzeko helburuarekin. Osakidetza erakunde euskalduna bihurtzeak erraztuko baitu gure aurpegietan irribarrea agertzea.

Saretu:

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna