Sarea

Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren esku dago Estatutu berrirako hizkuntzaren atalerako proposamena

2018.07.02 Kontseilua 009Miramar jauregian aurkeztutako proposamena eskura eman dio Bakartxo Tejeriari, Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, Kontseiluaren ordezkaritzak. Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera joan dira Gasteizera Leire Cancio (Elhuyar) eta Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolak) zuzendaritza-kideak.

Eusko Legebiltzarrak autogobernua delako eztabaidaren baitan EAErako Estatu berri baterako eztabaida-prozesua zabaldu du eta, hizkuntzaren eta hizkuntza-eskubideen gaia nola kokatu berrikusteko aukera hau baliatu du Kontseiluak.

Maiatzaren 24an proposamenaren aurkezpena egin zenetik, hainbat alderdietako ordezkariei aurkeztu zaie (EH Bildu, Podemos eta PSE-EE) eta gaur, Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren esku utzi dute Kontseiluko ordezkariek.

Protokoloan jasotzen diren printzipio nagusiak aintzat hartu dira proposamena osatzeko orduan. Hizkuntzaren estatusari dagokionez, lurralde osoan ofiziala izango da; euskara berezko hizkuntza izendatzen da EAEn; administrazioan erabilera normaleko eta lehentasuneko hizkuntza euskara izatea jasotzen da; Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko ekintzak abian jartzea ere proposatzen da.

Pertsonen arteko berdintasuna berma dadin proposamena egiten da, horrela jasoz: ‘ez da hizkuntzarengatiko bereizkeriarik onartuko’.

Euskara sustatu beharra ere jasotzen da. ‘Botere publikoek euskara babestuko dute eremu eta sektore guztietan, bai eta erabilera, ezagutza eta zabalkundea sustatu ere’.

Euskara erabiltzeko eskubidearen inguruan ere hainbat proposamen egiten da; herritarrei hizkuntza-hautua bermatzea proposatzen da eta honekin lotuta, hortaz, hori bermatzeko betekizunak ere proposatzen dizkio administrazioari. Horretarako, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza-maila egokia egiaztatu beharko dute. Herritar guztiei aitortzen zaie euskara ezagutzeko eskubidea, bai eta betebeharra ere.

Saretu:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna