Sarea

Hezkuntzaren Aldeko Akordioari ekarpen zehatza egin dio Kontseiluak: Ikasle guztiek B2 maila lortzeko ikasteredu orokortua

EAEkoHezkuntzariEkarpenaHezkuntza Sailak EAEn Hezkuntzaren Aldeko Akordioa erdiestea bultzatzeko prozesuaren baitan, Akordioaren Oinarriak izeneko dokumentua aurkeztu ondoren ekarpenetarako zabaldutako tartean bere ekarpena egin du Kontseiluak. Gaur erregistratu du proposamena Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Ekimenaren garrantziaz ohartarazi du Bilbaok, egin duen adierazpenean: “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak adierazi zuen legegintzaldi honetan Hezkuntzaren Euskal Legea onesteko konpromisoa dutela. Hortaz, eztabaida garrantzitsua dugu eskuartean”.

Bilbaok gogoratu du, halaber, hizkuntzen normalizazioan hezkuntzak duen garrantzia. “Horrexegatik, hain zuen ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hezkuntzaren esparrua modu berezituan jorratu izan du bere sorreratik bertatik. Gainera, esan behar dugu, hezkuntzaren eremuko eragile garrantzitsuenak biltzen dituela gure erakundeak, eta beraz, azken hamarkadotako eskarmentua ere erabili izan dugu geure proposamenak jorratzeko”.

Esan bezala, Jaurlaritzak zabaldutako prozesuak Hezkuntzaren Euskal Legea ekarriko du, eta Kontseiluak erantzukizunez jokatu nahi du, bai eta proposamen xehea aurkeztu ere.

Kontseiluak orain arte ikasle euskaldun eleaniztunei begira sortutako material garrantzitsuena jarri nahi du Eusko Jaurlaritzaren esku. Batetik, 2007ko abenduan argitaratutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen delako proposamena: Hezkuntzako Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Sortzen, Kristau Eskolak eta Hik Hasi eragileekin zein hainbat aditurekin, jorratutako proposamena, hain zuzen ere, ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean hizkuntza-gaitasunak eskura ditzaten.

Bigarrenik, 2017ko abenduaren 17an Europako hogeita hamar hizkuntza gutxituen berreskurapenaren alde lan egiten duten ehunetik hora eragilek adostutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Izan ere, Protokoloak ere jasotzen du hizkuntza-eskubideen ikuspegitik beharrezkoa dela, besteak beste, hizkuntzaren gaitasun egokiak bermatuko dituen ikasteredu orokortua abian jarri beharra.

Gauzak horrela, Kontseiluak egiten duen proposamena nahikoa zehatza dela esango genuke. Finean, Akordioaren Oinarriak dokumentuan ikasleek derrigorrezko hezkuntzan izan beharreko hizkuntza-gaitasunetan bat egiten dugu. Ondorioz, hurrengo urratsa ikasle guztiek, inolako bereizkeriarik gabe, gaitasun horiek lortzeko abian jarri beharko litzatekeen ikasteredu orokortua definitzea litzateke. “Har ditzatela, beraz, ondorengo orrietako proposamenak ikasteredu orokortu hori definitzeko urteetan belaunaldi berri euskaldun eleaniztunak sortu dituzten eragileen ekarpen gisa” esan du Kontseiluko eledunak.

Kontseiluaren ustez, interesgarria da Akordioaren Oinarriek eta Kontseiluak bat egitea ikasleek erdietsi beharreko gaitasunetan.

Horrekin batera, Kontseiluak argi du Akordioaren Oinarriak dokumentuak propio jaso beharko lukeela ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokorra jarri behar dela abian (gaur egun indarrean dagoen murgiltze- edo mantentze-eredua oinarri), arestian aipatutako gaitasunak lortuko badira, eta ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntzaren amaierara baldintza berdinetan heltzea nahi badugu.

Horretarako, Kontseiluak hezkuntza sektoreko eragile nagusiekin eta hainbat aditurekin zehaztutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena erabil daiteke abiapuntu gida. Izan ere, urteetan belaunaldi berri euskaldun eleaniztunak ekarri dituzten sistemetako eragileen eskarmentuan eta pedagogian, psikologian eta didaktikan aditu diren pertsonen ekarpenetan oinarritutako proposamena da. Halaber, gogorarazi nahi dugu Kontseiluaren ekarpenean jasotako bi dokumentuok, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, gaur egunera arte hizkuntzaren eremuan gizarte eragileen babes handiena jaso duten proposamenak direla.

“Zalantzarik gabe, ikasteredu orokortuak bakarrik ez du lortuko belaunaldi berriek hizkuntza gaitasun egokia izatea. Aitzitik, Akordioaren Oinarriak dokumentuak dioen bezala irakasleriaren prestakuntzaz, ahozkotasunaz, gizartearen ardurez, eskolaz kanpoko jardueraz, aisialdiaz… hitz egin behar da, bai eta, gure ustez, hizkuntza-politika orokorrean egin beharreko jauziez ere.”, esan du Bilbaok agerraldia amaitzeko.

 

 

 

 

 

Saretu:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna