Sarea

Hizkuntza-berdintasun erreala bermatuko duen lege berriaren beharra aldarrikatu dute

Euskararen legea IruñeaGaur egin da Iruñean “Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean” jardunaldian. Nafarroan egun ezarria dagoen zonifikazioaren ondorioak alde ikuspegitik, ikuspegi historiko juridikoa, arlo administratiboa, soziolingustikoa eta euskara garatzeko trabak aztertu dira bertan. 100 pertsonek parte hartu duten jardunaldian gaur egun herritarren eskubideak juridikoki aitortzeko, eta beraz, instituzioek eskubideak bermatzeko betebeharra izateko, dagoen aukera bakarra ofizialtasuna ezartzea dela ondorioztatu dute.

Roldan Jimenoren hitzartzea izan da lehena. 1973ko Foru Berritik 2017ko Legearen aldaketarako prozesuaren azalpena egin du. Legealdi honetako erronka Foru Hobekuntza eta Euskararen Legea aldatzea da; elkarri eragiten baitiote.

Ondoren, Iñigo Urrutia marko juridikoaz aritu da. Orain arte, araubide errepresioa egon dela esan du. Asimilazio behartuta gertatu da eta giza-eskubideen kontrako politika egin dela aipatu du, hizkuntza batean aurka egitea, giza-eskubideen kontra egitea baita. Bere ustez, Nafarroako Parlamentuaren esku dago ofizialtasuna lurralde osora hedatzea, LORAFNA ez da muga. Parlamentuari dagokio Europako legediak esaten duena aplikatzea.

Olatz Altunak berriz, egoera soziolinguistikoaren argazkia egin du zonifikazioaren ikuspegitik. Hainbat datu nabarmentzearren: azken 25 urtetan handitu egin da Nafarroan euskararen ehunekoa; egungo euskaldun gehienak gazteak dira eta D ereduan ikasi dute; Eremu mistoan kokatzen da euskaldun kopururik handiena.

Euskal Herritik kanpoko ekarpenik ere egon da. Alfons Estevek, Valentziako hizkuntzaren erabilerarako legean ere zonifikazioa badagoela gogoratu du. Gainera azaldu du; Nafarroakoak bezalaxe, hangoak ere ez duela ia anbiziorik, ez da valentziera normalizatzeko helburua duen legea. Ondoren, Gobernu desberdinek izandako jarrerak azaldu ditu. Legearen beraren aplikazio eza (1995-2014) eta orain aldaketaren garaian bizitzen ari direna. Adierazi du aldaketak izan direla, baina oraindik ez dela ausardiazko urratsak egin. Horrela, gogorarazi du egun posible dela valentziera ikasgai gisa ere ez izatea gurasoek hala erabakitzen badute. Aurrera begira zonifikazioa gaindituko duen legea aldarrikatzeaz gain, lege horrek izan beharreko edukien aurrerapena ere egin du: gizartearen valentzieratzea helburu; administrazioetako erabilera-hizkuntza bihurtu; langileriak gaitasuna bi hizkuntza ofizialetan; berezko hizkuntzaren ezagutza pasiboaren derrigortasuna; eremu sozioekonomikoa indartzea, kultura. Duela 35 urte onartu zen legeak erakusten du ez dela lege egokia berak ezarrita zituen helburuak betetzeko; horrexegatik hizkuntza-berdintasun erreala bermatuko duen lege berriaren beharra mahai gaineratu du.

Paul Bilbaok, berriz, Kontseiluaren proposamenaren hiru atalak azaldu ditu: Lege berria zergatik, Herritarrak erdigunean, Euskararen Lege Berria. Garrantzitsutzat jo du herritarrak erdigunera ekartzea. Legeek herritarrei eragiten diete, beraz, Lege berriak egun herritarren artean dagoen bereizkeriarekin amaitu behar du. Gogoratu du azken hilabeteotan Kontseiluak dinamika desberdinen bidez jaso dituela nafarrek euskaraz bizitzeko dituzten ezintasunak eta oztopoak; eta horiek gainditzeko proposatzen dituzten bideak. Euskararen Lege Berria prestatzeko, herritarren bizipenez gain, Kontseiluak, besteak beste, bi dokumentu izan ditu oinarri: Protokoloa eta Oinarriak 2000 urtean aurkeztutako lege-proposamena. Kontseiluak uste du Lege Berria integrala izan behar dela. Horregatik, Kontseiluak eskatzen du eremu guztietan eragingo duen legea behar dela: administrazioan, hezkuntzan, hedabideetan, kulturan, eremu sozioekonomikoan… Horrekin batera Kontseiluak ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzearen garrantzia azpimarratu du. Batetik, herritar guztiei eskubide berdinak aitortzek, eta bestetik, ofizialtasunak berak ezartzen dituen ondorio juridikoak betetzeko politikei ekiteko. Gogoratu du, ondoren, Legea betetzeko eta garatzeko beste arau zein politikak abian jarri beharko direla eta hor malgutasuna eta progresibitatea aplikatuko direla. Halere, ofizialtasuna eta bere ondorio juridikoak kontuan hartzea da aldaketarako legeak izan beharko dituen ardatzak.

Mahai-inguruak eman dio amaiera gaurko ekitaldiari. Ivan Giménezek, ELAko ordezkariak herritarrak aintzat hartu behar direla azpimarratu du, non bizi diren kontuan hartu gabe. ELArentzat euskarak aukera izan behar du, eta ez mehatxua. Iñigo Orella LABeko ordezkariak azaldu du ez dela ulertzen herritarrei eskubide desberdinak aitortzea, eta hori onartezina dela. Eskubide berdinak aitortu eta bermatu behar zaizkie herritar guztiei. Euskararen aurkakoek berdintasuna hitza erabiltzen dute, uniformetasuna adierazteko. Koldo Colomo euskara teknikaria Gareseko euskara teknikariak legea sortu zenetik jarrera politiko inmobilistak egon direla esan du, eta udalek duten autonomia erabili dutela aukera moduan. Ordenantzak garrantzitsuak dira, euskara arloa arautu eta jarraikortasuna emateko jardunari. Borondatearen baitan daude ordenantzak, “ahal du” jasotzen dute artikulu askotan, ez du lotzen udala zerbait egitera eta ez du jarraikortasuna bermatzen. Herri askotan gertatzen da. Iulen Urbiola Baztango udaleko teknikariak euskara eta gaztelera ofizialak diren heinean, biek eskubide berdinak eduki beharko lituzketela adierazi du. Bere ustez derrigortasunaz hitz egin beharko litzateke ofizialtasunaz hitz egiten denean, bestela iruzurra delako.

 

 

Saretu:

, , , , , ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Lizarrako Udalbatzak euskararen ofizialtasuna eskatu eta urriaren 27ko mobilizaziora deitu du - Kotarro - 2018-10-05

    […] honetan hainbat mugarri izan dira, besteak beste, irailaren 29an “Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean” jardunaldia edo urriaren 3an Nafarroako Lebegiltzarrean egin agerraldia Iruñean. Bigarren […]

Utzi erantzuna