Sarea

Ikasteredu orokortua aldarrikatu du Paul Bilbaok EAEko Hezkuntza Batzordean

2018.05.02 Kontseilua (2)

Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordeak antolatutako “Hezkuntza-sistema ez-unibertsitarioko hizkuntza-tratamendua” lan-saioan hartu du parte Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok

Kontseiluko idazkari nagusiak ideia argi bat helarazi nahi izan die legebiltzarreko hezkuntza batzordea osatzen duten alderdiei: “Borondate politikoa besterik ez da falta jauzia egiteko, egun aukera guztiak daude belaunaldi berri euskaldun-eleaniztunak bermatzeko”

Bilbaok Kontseiluak hezkuntza sektoreko eragile nagusienekin (Euskal Herriko Ikastolak, Kristau Eskolak, EHIGE, SORTZEN eta HIK HASI) jorratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak dokumentua izan du ardatz eskaera hori egiteko. “Urteetan, ikasle euskaldun eleaniztunak arrakastaz sortu dituzten eragileekin jorratutako proposamena da abiapuntu. Hartara, proposamen erreala da Kontseiluarena” adierazi du.

Proposamena egitearen zioa gogorarazi du Kontseiluko ordezkariak batzordean, hain zuzen ere, 2005ean ISEI erakundeak aurkeztutako datu kezkagarriak: “Lehen aldiz, enpirikoki egiaztatu ahal izan genuen ereduen sistemak ez dituela ikasle guztiak euskalduntzen. Hartara, kezka hori buruan ekin zion Kontseiluak etorkizuneko belaunaldiak euskaldun eleaniztunak izateko proposamena egiteari. Horretarako, azterketa psikolinguistikoa, soziolinguistikoa eta pedagogikoa batetik, azterketa juridiko-legala bigarrenik eta, azkenik, azterketa operatiboa egin genuen. “ azaldu du

Azterketa horien ondorioz proposamena egin zuen Kontseiluak eta borondatea egonez gero berau aplikatzeko aukera errealak bazeudela eta orain ere badaudela adierazi du: “Asko aldatu da hezkuntza azken hamarkadotan, urrats handiak egin dira, irakasle gero eta euskaldunagoa da, materialgintza ona dugu… borondate politikoa behar da jauzia egiteko. Erabakia hartu behar dute” aldarrikatu du Kontseiluko eledunak.

Horrela, egun EAEn, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Akordioaren eztabaida gogora ekarri du Bilbaok. Izan ere, aipatu proposamenari Kontseiluak Ikasle Euskaldun Eleaniztunak delakoan oinarritutako ekarpena egin duela gogorarazi du. “Hezkuntza komunitatearen gehiengoa ez ezik, euskalgintzaren eta euskal sindikalgintzaren gehiengoaren babesa duen proposamena da. Babes horri erreparatzeko eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta berandu baino lehen urratsa egin dezan” esan du.

Saretu:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna