Sarea

Kontseiluaren ustez kanpo esku-hartze larria da EAEko Auzitegi Gorenarena

Oztopoen gainetik euskaraz biziko garaEAEko Justizia Auzitegi Gorenak berretsitako epaia gogor salatu du Kontseiluak. Idazkari nagusiaren esanetan, “larria da epaia berretsi izana, izan ere, euskara planetako artikuluetan sartuta,  sukalderaino sartzen ari dira”.

“Beste behin, Espainiar Estatuak erabaki nahi du zein hizkuntza erabili behar dugun eta zein hizkuntzatan bizi behar dugun, eta hori onartezina da” gogorarazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, epaiaren berri eman zenean egin bezala.

Halaber, Kontseiluak gogora ekarri nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara planak hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak jasotzen dituela eta horiek atzera botatzeak, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu egingo dituela.

Hori horrela, galdera bat ere egin nahi die Kontseiluak bai erabakia hartu duen epaitegiko kideei, zein Espainiako Estatuko EAEko ordezkariari, helegitea jarri izanagatik, esan dezaten herritarren eskubideak, kasu honetan hizkuntza-eskubideak, bermatzeko zein mekanismo eta neurri jarri behar den abian.

Bidenabar, kezka ere badu Kontseiluak diru publikoa egoki kudeatzearen gaiarekin. “Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpideak jartzen zituen diru publikoa jasotzen duten eragileek herritarren eskubideak bermatzeko. Neurri hori indargabetuta, gipuzkoarren eskubideekin jarrera bikoitza izango da; alegia, zergak berdin ordaindu beharko dituzte euskaldunek zein erdaldun elebakarrek, baina euskaldunek ez dituzte hizkuntza-eskubideak bermatuak izango.

Amaitzeko, Kontseiluak gogorarazi nahi du neurri ausartak hartu eta epaitegiek haien aurka egiten duten administrazioen alboan egongo dela, lehenago ere egin bezala. Donostian kanpo esku-hartzeak salatzeko egindako manifestazio, edota 2017 urtearen amaieran Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politikari lotuta hartutako erabakiak babesteko egindako mobilizazioa, kasu. Aurrerantzean ere, adierazi nahi du euskaldunon hizkuntza-eskubideen alde neurriak hartzeko, hizkuntza-politika eragingarriak hartzeko… prest dauden eragileekin elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsi nahi du.

Saretu:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna