Sarea

Kontsumo ohitura eta eredu berriei ekarpena egiteko sortu da Baduzu

baduzu aurkezpena_20170405

Euskaraz kontsumitzea ere irizpidedun kontsumitzaileen ezaugarri da

 

Baduzu, euskal kontsumitzaileen kluba aurkeztu dute gaur Donostiako Zergatik dendan Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko Rober Gutierrez zuzendariak eta Zergatikeko diseinatzaile Ianire Soraluzek.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan duenez, “ukaezina da gaur egun alor sozioekonomikoak edo lan-munduak gure bizitzan duen leku handia. Gure bizitzan eragiten duen esparrua izanik, pentsatu dugu: nola eragin dezakegu guk lan-munduaren euskalduntzean? Bada, badira eragile batzuk zeresan eta zeregin berezia dutenak horretan: bezeroak, langileak, enpresak eta administrazioa”, Bilbaoren esanetan, eragile horien inplikazioaren eta jarreraren arabera izango da hein handi batean, lan-munduaren euskalduntzearen bilakaera. “Euskalgintzari dagokio eragile horiek norabide egokian mugitu daitezen eragitea, hain zuzen”, gehitu du.

Kontsumitzaileei begirako ekimena da gaur aurkeztu dena. “Kontsumitzaileon ahalduntzea bilatzen dugu. Funtsean euskaraz kontsumitzeko aukera areagotzea eta euskaraz kontsumitu nahi dugunon arteko sarea edo kluba eratzea bultzatu nahi da”. Gaur aurkeztutako aplikazioarekin eta herrietako kontsumo taldeekin egin nahi da hori.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu da www.baduzu.eus webgunea, euskal kontsumitzaileen kluba deitu duguna. Izan ere, bakoitzak bere eremuan, euskararen normalizazioa dugu helburu hiru erakundeok eta, bide horretan, Baduzu alor sozio-ekonomikoan eragiteko xedez sortutako tresna da.

Baduzuren helburuak azaldu ditu ondoren Kontseiluko eledunak: euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea. Euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea. Bestetik, herritarrak sentsibilizatzea euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela; finean, euskara kontsumo irizpidedun edo kriteriodunaren ezaugarri dela.

Eta zer topatuko du ba kontsumitzaileak www.baduzu.eus webgunean? Euskal Herriko 4.000 establezimendutik gora, beren euskara mailaren arabera sailkatuta. Bai Euskarari Ziurtagiria duten establezimendu guztiak bertan daude. Herritarrek establezimendu berriak ere gehitu ditzakete, baita daudenak baloratu ere. Direktorio horrez gain, foro bat dago ekarpenak egin eta kontsumitzaileak harremanetan jarri ahal izateko. Establezimenduak baloratu, berriak gehitu eta foroan parte hartu ahal izateko erregistratu egin behar da.

Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak “Bai Euskarari Elkartean alor sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko egiten dugu lan. Euskararen bidez euren negozioetan balioa erantsiko dutela erakusten diegu. Bide horretan, Bai Euskarari komunitatea zabaltzeko eta indartzeko lanean ari gara, ziurtagiridunei ikusgarritasuna, elkarlana, zerbitzu bereziak eta bestelakoak eskainiz”, adierazi du Gutierrezek.

Euskarazko zerbitzua eskaintzeko eta euskaraz lan egiteko urratsak egiten ari dira Euskal Herri osoko ehunka enpresa, saltoki eta era guztietako entitateak, Gutierrezen arabera, ildo horretan, esan du, “gaur ere horien guztien ahalegina aitortu behar dugu, gero eta enpresa gehiago ari baita euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten. Euskarak balorea eransten dio lurralde honetako arlo sozioekonomikoari. Euskaraz komunikatzeko gaitasunak bide berriak irekitzen ditu eta hori nabarmendu beharra dago”.

“Gaur badugu Baduzu, euskal kontsumo komunitatea eraikitzeko, sendotzeko eta aktibatzeko tresna eraginkorra izango dena, euskarak gure enpresa eta establezimeduetako zerbitzuetan zein balio duen esatea ahalbidetuko duena, euskaraz kontsumitzeko aukera eskaintzen duten establezimenduak identifikatzen eta zabaltzen lagunduko duena”, amaitu du Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, bestalde, hizkuntza-eskubideen ikuspegitik (hori, baita, bere jarduteko esparrua), arlo sozioekonomikoaren berri eman du.

“Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian arlo sozioekonomikoan kontsumo harremanak eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko inongo berme juridikorik ez dute kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunek. EAEn berriz, 2003an onartu zen Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen legea, baina 2012an dekretua aldatuta, hori betetzen ez duten enpresentzako zehapenak kenduta, ez dago herritarrentzat bermerik”, azaldu du Petriatik.

Behatokiak Akuilari aplikazioaren bidez jasotzen ditu herritarren hizkuntza-eskubideei lotutako kexak eta zoriontzeak. Orain, Baduzurekin elkar lotuta egongo da. Hau da, “Akuilariren bidez establezimendu batek kexa edo zoriona jasotzen duenean, informazio hori, establezimendu horrek eskaini duen aukera edo traba, Baduzun agertuko da; horrela, Baduzuren bidez erabiltzaileak zerbitzua euskaraz eskaintzen duen merkataritza-establezimenduen gaineko informazioa izango du eta euskaraz kontsumitzeko bidea erraztuko dio”.

Zergatik markako diseinatzaile Ianire Soraluzek, euren kasuaren berri eman du azkenik. Orain dela 17 urte Iruñean sortu zenetik, zerbitzua euskaraz emango duten langileak kontratatzea izan dutela irizpide azaldu du. Horrekin batera, bai dendetan zein bulegoetan euskararen erabilera arrunta dela aipatu du. “Gure bezeroek eskertzen eta eskatzen duten zerbait da, euskaraz artatua izatea. Bertako komunikazio eta seinaletika guztia beti euskaraz egiten dugu. Gure bezeroek eskertzen duten zerbait baita, eta atzerritzarrek zerbait positibo bezala jasotzen dute”.

“Euskal kultura gure markaren inspirazio iturri handia da eta gure hizkuntza beti presente edukitzen saiatzen gara, baita gure bildumatan ere. Bestetik, lehengo urtean ireki genuen gure web horri berria lau hizkuntzatan erabilgarria izateko. Erosketa prozesu guztia euskaraz egin daiteke, Bai Euskarari Ziurtagiria dugu eta prozesu guztia euskaraz egin dezakegu.”

Saretu:

, , , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna