Sarea

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” jardunaldia egingo da Azpeitian

luhi4_AURKEZPENA“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Laugarren edizioa den honetan lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira. Topaketa urriaren 10ean egingo da Azpeitian eta matrikula egiteko epea zabalik dago: www.ueu.eus

Aurkezpenean Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Josu Labakak, UEMAko lehendakariak; Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak; Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak eta Ane Sarasuak, UEUko idazkari nagusiak parte hartu dute.

Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak hartu du lehendabizi hitza: “Arnasguneak euskara eguneroko bizimoduan erabiltzen duten herritarren guneak dira eta horiek babesteak berebiziko garrantzia dauka euskararen biziberritze prozesurako, izan ere, oro har arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen da euskararen transmisioa eta bizirik dago hizkuntza. Beraz, gune horiek bereziki zaindu eta ondo kudeatzen jakin behar dugu. Foru Aldundian baditugu zeharkakotasunez lantzen ditugun politikak, genero berdintasuna eta bizikidetzarekin batera Hizkuntza berdintasuna. Horregatik, gune horietako garapenaren aurreikuspenetan ere hizkuntzari eragin diezaioketen esparru guztiak zaindu behar direla iruditzen zaigu. Hirigintzak, turismoak, lurralde antolaketak… asko dira zuzenean edo zeharka euskarari eragin diezaioketen alorrak eta, beraz, gainontzeko esparru horietan hartzen diren erabakietan ere oso kontuan hartu behar da hizkuntzaren aldagaia. Azken batean, euskararen aldeko politikak ezin dira euskara zerbitzuetatik soilik garatu eta beharrezkoa da gainontzeko esparruen inplikazioa eta konpromisoa. Arnasguneen garapenean eragina duten gaiak landuko dira jardunaldian: arkitektura aintzat hartuta, garapen sozioekonomikoa, kulturala, enpleguaren ikuspegia, identitatearena… Arnasguneen garapenak bere baitan dituen esparruak aintzat hartu eta esparru horiek hizkuntzarekin nola kudea daitezkeen aztertuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat garrantzitsua da hizkuntza eta herrien garapena lotzea, Aldundiak ez baitu etorkizuneko Gipuzkoa euskararen presentzia sendorik gabe ulertzen. Helburu horrekin ari gara lankidetzan, esparru guztietan eta erakunde guztiekin, eta hor kokatzen da, besteak beste, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia. Horrenbestez, euskara zerbitzuetako langile eta arduradunez gain, gainontzeko esparruetako langile eta arduradunak ere jardunaldian izena ematera animatzen ditugu”.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, jardunaldi honek orain arte egin duen ibilbidea laburbildu du: “2014an lan arlo hau abiatu genuenetik hona, ibilbide oparoa egin du. Arnasguneek euskararen normalizazioan betetzen duten garrantzia aintzat hartuta, batetik, eta zeharlerrotasun printzipioa kontutan hartuta, bestetik, erabaki genuen proiektuari ekitea, prebentzioaren ikuspegitik. Ibilbidea elkarlanean egitea beharrezko ikusi genuen eta horrek ere ematen dio balioa emaitzari. Dinamika eredugarria izan da. Lau urteotan, hainbat emaitza eman ditu arnasguneei begira landutako Lurralde eta Hizkuntza proiektuak. Lau jardunaldi eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna. Egindako lanak, gainera, eragin du lege garapena (Udal Legea) eta honen aplikaziorako Dekretua. Oraingo ekarpenarekin, beste bide bati hasiera emango diogu, aipatutako prebentzioarenarekin batera garatuko dena. Garapen jasangarria eredu hartuta, garapenerako jauzia egingo dugu aurtengo jardunalditik aurrerako bidean. Oinarri batzuk jarriko dira, norabidea markatuko da, hirigintza planak egiten diren orduan, hasieratik aintzat har dadin hizkuntzaren gaia”.

Josu Labakak, UEMAko lehendakariak, udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek bereziki duen garrantzia aipatu du: “Guretzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean. Izan ere, aurtengo jardunaldia, udalerri euskaldunentzat, giltzarria ez ezik mugarria ere bada: urrats handi bat egitera goaz aurrera. Ez baikara udalerri euskaldunen babesaz eta zaintzaz ariko, garapenaz baizik. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek, azken urteotako ibilbidean, ondorio garrantzitsuak azaleratu dizkigute: hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten. Beste sailetako erabaki askok egundoko eragina dute hizkuntzan eta, beraz, horiek guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da udalerri euskaldunen izaerari eusteko eta garapenaz hitz egiteko. Azken batean, udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra, eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du. Guretzat, beraz, lehentasuna da horiek nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea. Horretara dator jardunaldi hau”.

Imanol Esnaolak, GAINDEGIAko koordinatzaileak arnasguneek aldaketa kudeatzeko duten beharra azpimarratu du: “Gure lurraldea aldaketa garrantzitsuei lotuta bizi da, bestek beste, jarduera ekonomikoen eta gune urbanoen berrantolaketa, mugikortasun fisiko handia eguneroko bizimoduan… Horrek guztiak arnasguneetan eragin nabarmena du. Bertako herritar gazteenen galera, jarduera ekonomikoen egituran aldaketak, eskualdeko herritarrak hartzeko etxebizitza poligono berriak, gure ezaugarri soziokultural eta linguistikoak ezagutzen ez dituzten herritar berriak… Gauzak horrela, arnasguneak, txikienak batez ere, aldaketa kudeatu beharrean daude. Trantsizio horrek, ordea, egitasmo soziokultural eta sozioekonomikoak behar ditu, denak ere ikuspuntu integral eta holistikoz pentsatu eta gauzatuak”.

Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak jardunaldi honek bere udalak lantzen dituen bi lan ildo lotzen dituela azaldu du, hizkuntza eta formazioa: “Azpeitia herri euskalduna da oso, baina gure ardura da horrela izaten jarraitzeko neurriak hartzea, eta ziur ikastaro honek lagungarri zaigun giltza edo pistaren bat emango digula. Elkarlanean osatutako ikastaro hau, euskaraz, gurean izatea pauso garrantzitsua da guretzat. Formazio eskaintza gero eta zabalagoa eskaintzen dugu guk unibertsitateekin elkarlanean, eta topaketa hau hori osatzera etorriko da gurera”.

Saretu:

, , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna