Sarea

Megasaria ordainetan euskarari energia emateagatik

Megasaria2016

Lizarran bizi den Ibai Vergarari egokitu zaio Euskal Tonbolaren aurtengo Megasaria. Bigarren aldia da Euskal Tonbolak banatzen dituen sari guztien sorta osoa zozkatzen dena. Bere ekarpenaren eta berea bezala milaka euskal herritarren ekarpenari esker egiten du lan euskalgintzak euskararen normalizazioan urratsak ematen.

‘Zure energiarekin euskarak ez du mugarik’. Horixe da Euskal Tonbolaren leloa eta proiektuaren oinarria. Hain zuzen ere, herri mugimenduak, kasu honetan euskalgintzak, aldaketa soziala bultzatzeko behar beharrezkoa da herritarren inplikazioa, maila desberdinetan.  Aldakuntzarako ahalmena ematen dio, bada, herritarrak euskararen mugimenduari. Mugimenduari energia emanez, energia mugimenduan jartzen dugu, zuk, nik, guztiok, euskal tonbolako txartela eskuratzean.

2015ean egindako berrikuntzetako bat izan zen Megasaria, aurten errepikatu egin dena.  Euskaraz bizi nahi dut esaldia osatu behar zuten txartelen erosleek eta ondoren zozketan parte hartzeko esaldi osatua Kontseiluari bidali. Abenduaren 30ean egin zen zozketa notario aurrean. Eta Intxaurrondon sortua den, baina Lizarran bizi den  Ibai Vergarak bidalitako gutunetako bat izan da sariduna. Sandero autoa, urtebetez hilero 100 euroko erosketa saski bat, Scotter motorra, Kariberako bidaia, kruzeroa eta abar luze bat jaso ditu.

Herritarrek Euskal Tonbolan egiten duten inbertsioari esker euskalgintzak hainbat lan egin ditzake urtean zehar. Eta une hoau hori eskertzeko ere baliatu nahi dugu, izan ere, ezinezkoa litzateke herritarren laguntza hori gabe egiten diren lan horiek burutzea. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren hizkuntza-eskubideen babeserako egiten duen lana, kasu. Edota, 2016an, Nafarroako hizkuntza-politikari bultzada emateko Kontseiluak egindako lana.

Herritarren artean, txartelak erosten dituzten horiek guztiak garrantzitsuak dira, baina lan hau ezinezkoa litzateke kanalizatzaile lana egiten duten merkatarien lanarik gabe. Hauen establezimenduetan jartzen dira salgai Euskal Tonbolaren txartelak. Euskal Tonbolarekin elkarlanean dabiltzan salatzaile hauek guztiek egiten duten ekarpena ere eskertu nahi dugu.

10 urte baino gehiago dira jada Euskal Tonbola antolatzen dela. Lehen Megasaria banatu zenean egindako ekitaldian, bertan parte hartu zutenek nabarmendu bezala, “urte hauetan guztietan ilusio handiz aritu gara. Eraikitzailea izan nahi duen bide oro ilusioz egin behar dela uste dugulako. Milaka eta milaka lagunek osatzen dugu Euskal Tonbolaren familia handi hau. Txartela bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako, ilusio bat, emozio bat, helburu bat, atxikimendu bat. Horri esker egiten dugu aurrera”.

Amaitzeko, Iban Vergara zoriondu nahi du Kontseiluak eta berak bezalaxe, euro baten truke Euskal Tonbolaren txartelak urtez urte erosten eta saltzen dituzten horiei guztiei ere eskerrak eman nahi dizkio. Guztion artean, guztion energiari esker, euskarak ez baitu mugarik.

Saretu:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna