Sarea

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontua ez da euskararen normalizazioak behar duen aldaketaren adierazle

Nafarroakoaurrekontuak20151127-1

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako Gobernuak 2016rako egin duen aurrekontu proposamena aztertu du, ohikoa duenez. Ondorio argi bat atera du azterketa lan hau egin ondoren: sektore batzuetako partidak berreskuratzeko ahalegina egin bada ere, aurrekontu hauek dira hizkuntza-politika egoki batek behar dituenak.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, ildo politiko instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak lagunduta eman du egindako lanaren berri Iruñean egindako prentsaurrekoan. Argi hitz egin du idazkari nagusiak: “prestatzen ari diren aurrekontu hauek ez dira euskararen normalizazioan aldaketa eragiteko egindakoak. Ez dira egokiak hizkuntza-politika berri bat eraikitzeko”.

Euskarabideari esleitzen zaion kopurua aurrekontu osoaren % 0,10 da eta hori guztiz aski eza da.

Euskalgintza osatzen duten sektore garrantzitsuenei esleitutako kopurua behar denetik urrun dagoela esan du Bilbaok: “Egia da hainbat sektoretan, hedlduen euskalduntze eta alfabetatzean eta hedabideetan berreskuratu direla diru-partidak. Hala ere, orduan esaten genuen moduan, ez dira nahikoak, sektore hauek laguntza handiagoa behar dute.. Esleitutako kopuruak ez du aukerarik ematen azken urteotan euskalgintzaren baitako eragileak bizitzen ari diren egoera txarra gainditzeko eta ezta proiektu berriak abiatzeko ere. Horren ondorioz, bertan aritzen diren profesionalek gutxienez beste urte betez egoera prekarioan segitu beharko dute”.

Hizkuntza-politikak planifikatu egin behar dira, ezinbestean, eraginkorrak izan nahi baldin badute. Bada, Nafarroako gobernuak ez du baliabiderik aurreikusi plangintza hauek bideratzeko eta ezta euskarazko zirkuituak sortzeko ere. Ondorioz, plangintzen lan-ildoa erabat baldintzatuta geratzen dela adierazi du Kontseiluko eledunak.

Euskarari dagokion zehar lerro izaera ere ez da bermatzen. Baliabideak bereziki Euskarabidean kontzentratzen dira eta sail bakoitzari ez zaio hizkuntza-politika egiteko baliabiderik esleitzen. Baliabide oso gutxi bideratzen denez, ia gehiena Euskarabideak berak gastatzen du.

Bilbaok, gogora ekarri du gobernu hau eratu aurretik aldaketa ekarriko zuenaren esperantza bazuela euskalgintzak, baina une honetan hori ez dela horrela erakusten ari gehitu du. “Hau guztia ikusita, ez dago esaterik euskararen normalizazioari dagokionez aldaketaren aurrekontuak direnik. Ez egiturari dagokionez ez eta diru kantitateei dagokienez ere”, esan du.

Amaitzeko, gogora ekarri du hizkuntza-politika egiten dena eta egiten ez denak osatzen dutela. Alegia, egiten ez den hori ere zure politikaren, borondatearen… adierazgarri dela. “Askoz gehiago da kontuan hartzen ez dena kontuan hartu dena baino eta horrek ezinbestean desoreka handiak ekarriko dizkio hizkuntza-politikari”.

Saretu:

, , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna