Sarea

Paul Bilbao: “ausart eta erantzukizunez joka ezazue, herritarrak berdintasunez hartuko dituen legea onartuz”

2018-10-27, IruÒea. Kontseiluaren manifestazioa euskararen alde. 27-10-2018, Pamplona. ManifestaciÛn de Kontseilua a favor del Euskara.

Kohesioa, berdintasuna eta justizia eskatuz aldarrikatu da euskarak ofizial izan behar duela Nafarroa osoan. Kontseiluak, Iruñean, antolatutako mobilizazio performatiboak, irudikatu du gaur egungo hizkuntzagatiko zatiketa gainditu egin behar dela, hirutik batera igarotzeko urratsa eman behar dela, alegia.

Hiru zutabetan abiatu da martxa, Media Luna parketik, Gazteluko plazatik eta Iturramatik. Herri desberdinetako euskaltzaleek eraman dituzte pankartak; lehen zutabean kohesioa aldarrikatuz, bigarrenean berdintasuna eta justizia, hirugarrenean. Lehen bi zutabeek bat egin dute Bakearen plazaren inguruan eta ondoren Iturramatik abiatu den zutabearekin elkartu dira autobus geltoki inguruan.

Kontseiluko zuzendaritza eta bazkideen ordekaritzak, Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera, hartu dituzte hiru zutabeak. Zutabe bakoitzetik herritar banak (Unai Arellano, Nekane Otamendi eta Saioa Crespo) zeraman Nafarroako maparen zati banarekin osatu dute mapa osoa, irudikatuz gaur egun hiru zatitan banatuta dagoenak, elkartuta egon behar duela zati bakar batean.

Amaieran egin den ekitaldian, hiru herritar horiek hartu dute hitza lehenik. Azaldu dute, zergatik eskatu diren kohesioa, berdintasuna eta justizia.

Arellano kohesioaz aritu da: “Euskara da nafarron artean zubi eta atxikidura egiteko osagai ederra. Nafarroako berezko hizkuntza da euskara, eta euskara da batuko gaituen arragoa. Batasun hori behar dugu”, esan du.

Otamendik, berriz, besteak beste, galdera hauek egin ditu: ” Gu nafarrak gara ala ez gara? Jakina bagarela! Eta orduan, zergatik tratatzen gaituzte ezberdin hizkuntzaz ari garenean?” . Halaber, esan du, “nafarrei hizkuntza-eskubideen berdintasuna aitortzea, pertsona guztien duintasuna zaintzea da”.

Justiziaz hitz egin du Crespok: “Gaur hemen bildu garen nafarrok desio dugu gure ondorengoek gogoratzea nola lortu zen garai honetan benetako aldaketa Nafarroan, eta nola hasi zen bidezkoagoa izaten euskaldunokin. Ezin da utzi zortearen edo kasualitatearen baitan eskubideen bermea”.

Paul Bilbao idazkari nagusiak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie bai bertaratu diren guztiei eta baita azken egunotan mobilizazioarekin bat egin eta norabide berean bultza egin duten eragile sozial guztiei. “Hau ez dela soil-soilik euskararen edo euskaldunon afera. [Eragile aniztasun] horrek erakusten du gaurko mobilizazioa ez dela soil-soilik euskararen aldeko mobilizazioa… Kontua da hemen ezin dela bizikidetza ardatz izango duen gizartea eraiki milaka herritar eskubidez gabeturik ditugun bitartean. Kontua da, behingoz, herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko dizkien lege berria behar dugula, eta egun, horretarako aukera juridiko bakarra ofizialtasuna dela. Ondorioz, eragile horien guztien aldarriari muzin egitea izango da, beraz, ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen lege bat ez onartzea”.

Behingoz2_20181027

Eta, eskaera argia egin die ardura politikoa dutenei: “duela aste batzuk hor aurreko eraikin horretan [Nafarroako Parlamentuan] ofizialtasunaren mamua zabaltzen ari diren horiei egindako galdera etorri zitzaidan burura: Zein arazo duzue, zein oztopo duzue nafar guztiei eskubide berdinak aitortzeko? Erantzunik ez nuen jaso. Eta, bai, hurrengoan geure etorkizuna baldintzatzen duten legeak onartzen dituen etxe horretara joaten naizenean eskaera bat egingo diet: Zoazte euskara ofiziala ez den eremuetara eta esaiezue euskaraz bizi nahi duten herritarrei eskubide hori ez diezuela aitortuko. Bai… Zuek ez diezuela aitortuko esan beharko diezue, hori baita egia. Ofizialtasunari atea ez zabaltzeak hori ekarriko du. Badakigu noren esku dagoen orain herritarrak berdintasunez hartuko dituen legea onartzea. Ausart jokatu, erakutsi aurrekoetatik desberdin jokatzen duzuela. Guk geure lana egin dugu, gehiengo zabal baten eskaera duzue eskuartean. Orain, eraikin horretako ordezkarioi dagokizue erantzukizunez jokatzea”, esan du.

Kristina Urrutiak gidatutako ekitaldian, parte hartu dute, halaber, Hutsu taldeak txalaparta jotzen; Gema Martinezek jota abestu du eta Ekaitz Astizen raparekin eman zaio amaiera.

 

Herritarren hitzartzeak

Paul Bilbaoren hitzartzea

Saretu:

, ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Aldaketa behingoz! - 2018-11-08

    […] zuen hizlariak, behingoz euskara Nafarroa osoan ofizial izendatzea eskatzeko Iruñean egindako mobilizazioaren amaieran. Horixe da […]

Utzi erantzuna