Sarea

Pertsona batek euskalduntze prozesuan inbertitzen duen diruarekin bi urteko etxerako erosketa egin daiteke

EuskaraDenontzatDoanEuskara denontzat doan aldarrikatzeko datozen hilabeteotan egingo duen ekimenaren berri eman du Kontseiluak Bilbon egindako prentsaurrekoan. Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera, AEK-ko Mertxe Mugika, IKAko Joxemi Regero eta Maizpideko Jon Urdangarin egon dira agerraldian. Kontseiluaren baitan biltzen den helduen euskalduntze eta alfabetatzearen (HEA) sektoreko kideak dira hauek, Urrats eta Hitzez euskaltegiekin batera.

Gaur egun, bere burua euskaldundu nahi duen pertsona helduak prozesu hori egiteagatik, ahalegin intelektualaz gain, ekonomikoa ere egin behar du eta ez ahalegin makala, gainera. 2015ean EAEko herritarrek hilabetean etxerako erosketetan gastatu zutena (Estudio Fintonic-ek egindako azterketa baten arabera) aintzat hartuta, bi urteko etxerako erosketa egitea beste ordaindu behar du herritarrak euskalduntze prozesuagatik.

“Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara hizkuntza ofiziala da eta hau ikastea eskubide da. Beraz, zerbitzu publiko gisa hartu behar da horri lotuta egiten den jarduna eta horren erantzukizun zuzena administrazioarena da”, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Zerbitzu publikoa den heinean, doakoa behar du izan eta pertsona guztientzat”, gehitu du Bilbaok.

Eusko Jaurlaritzak, Gobernu akordioan jaso zuen moduan, urrats bat eman du doakotasunaren bidean. “Euskalgintzaren aldarrikapen historikoa da doakotasunarena. Aldarrikapen horren fruitu dira azken hilabeteotan eman diren pausoak, horregatik, pozik gaude. Orain, pauso horiek euskararen normalizaziorako aldarrikapen historiko izatetik lorpen historikorako zubi izateko egingo dugu lan. Herritar guztiek euskaraz doan ikasteko duten eskubidea bermatua izan dezaten. Hemendik aurrera egiten diren aurrekontuetan horrek isla izan dezan espero dugu, eta hori lortzeko egingo dugu lan”.

Aukera hau pasatzen utziezinezkoa dela ere esan du Bilbaok. “Gogor egingo dugu lan Eusko Jaurlaritzak hartutako bidea ahal bezain urrunen heltzeko. Lankidetzan jardutea dagokigu orain, erantzukizunez eta eraginkortasunez”.

Eskubideez hitz egiten ari garela aipatu du Kontseiluko eledunak, giza eskubideez, alegia. “Familia transmisioz zein hezkuntza sistemaren bidez euskara jaso duenak doan jaso du hizkuntza eta helduaroan ere hala jasotzeko eskubidea bermatu behar da. Euskara ikasteak doakoa izan behar du denontzat. Hori aldarrikatzen dugu: euskara denontzat doan.”

Hainbat adibide ere aipatu ditu Bilbaok. “Beste hainbat eskubide sozialen bermeagatik eta hauei lotutako zerbitzu publikoak jasotzeagatik ez da ordaindu behar, osasun asistentzia edo hezkuntza kasu. Are gehiago, pentsa dezagun batzuk ordaindu egin behar dutela eta beste batzuk ez. Horixe da helduen euskalduntze prozesuan gertatzen dena. Helduen euskalduntzerako, beste eskubide sozial bat den neurrian, trataera bera aldarrikatzen dugu. Doakotasuna da euskararen ezagutzaren unibertsaltasunaren berme bakarra”.

Helduen euskalduntzean gaur egun dagoen laguntzen egoera “anabasa” hitzarekin definitu du Kontseiluko eledunak. Gaur egun euskara ikasten ari diren pertsona talde bati galdeketa egin die Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektoreak hainbat gairen inguruan. Tartean kostuez ere galdetu zaie. Honen emaitzen berri eman du Bilbaok. “Ez dago laguntzen alorrean inolako irizpide komunik eta desberdintasunak oso handiak dira. Leku batzuetan, laguntza publikoei esker prozesua doan egin daiteke gaur egun, baina gehienetan ikasleak bere poltsikotik jarri behar du dirua. Kopuruetan desberdintasun handiak daude, 500 euro inguru ordaintzen dutenak daude, 1.200 euro, 2.000 euro eta 5.000 euro ingururaino ere hel daiteke ikasleak egin behar duen inbertsio ekonomikoa. 50 modulazio baino gehiago topatu ditugu”.

Hori gainditzeko bidea ikasteko prozesu osoa doakoa izatea dela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. Horrekin batera, “doakotasuna kudeatzeko leihatila bakarra ezartzea eskatzen dugu. Koordinatua eta planifikatua izan behar da. Legealdi honetan HEAren doakotasuna lortzeko, diru-sail nahikoak jaso beharko dira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan. Gaur egun ikasleen matrikulek suposatzen dute HEAren zerbitzuaren %34 (15 milioi euro).

Horren guztiaren eredu langabetuei euskara doan ikasteko aukera emateko HABEk Lanbiderekin egin duen akordioa aipatu du Bilbaok. “Hori jendarte osora zabaldu behar da. Orain arte langile publikoek izan dute laguntza eta orain langabetuei emango zaie, baina jende multzo handi bat geratzen da tartean. Euskara ikastea denontzat izan behar da doan”.

Euskara denontza doanAEK-ko eledun Mertxe Mugikak ‘Euskara denontzat doan’ ekimenaren berri eman du. Gaia gizarterateratzeko, 20. Korrikaren baitan egingo dena azaldu du. “Baionan, Bilbon,  Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira doakotasunaren aldeko kilometroak eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”. Ondoren, “uda bitartean, euskaltegiekin, euskara ikasleekin eta ikasle ohiekin landuko dugu gaia”.

Halaber, kanpainaren irudiaren inguruan ere azalpena eman du Mugikak. “WiFi zerbitzuaren metaforan oinarritzen da kanpaina, doako WiFi zerbitzua irudikatzen duen seinaletikan, alegia. Egun, NBEaren arabera interneterako sarbidea giza eskubidea, eta eskubide hori bermatzeko gobernuek neurriak hartu behar dituzte. Geuk bi eskubide horiek uztartu ditugu, eskubide “moderno” bat eta eskubide historikoa. Horixe baita aldarrikatzen duguna: doako zerbitzua denontzat, zerbitzu onaren seinale”.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna