Sarea

UEMAk eta Kontseiluak atzerapausotzat jo dute EAEn lurraldea antolatzeko gidalerroetan euskara helburuen artetik kendu izana

LuHi
Hasierako Onarpenaren dokumentuari berriro ere emendakina aurkeztuko diote bi erakundeek, udalerri euskaldunei eusteko ezinbestekoa delako euskara zeharlerrotasunez lantzea.

Gaur BERRIA egunkariak argitaratu duen moduan, euskara helburuetatik kendu du Eusko Jaurlaritzak EAEko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen Berrikuspeneko Hasierako Onarpenaren dokumentutik. Zehazki, idazketa berrian galdu egin da Lurraldean euskararen benetako koofizialtasun erreala sustatzea aipamena. Horrez gain, arnasguneak babestea eskatzen zuen lurralde-gidalerroa (Arnasguneak babestea) ere kendu egin dute.

Atzerapausoa da Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia. 2013tik aurrera, lurraldea eta hizkuntza bateratzeko lan berritzaile handia egin da erakunde askoren eta askotarikoen artean, elkarlanean, eta erabaki hau orain arte garatu den ildoaren kontrako norantzan doa.

2013tik aurrera, Lurraldea eta Hizkuntza hizpide izan dugu askotan, jardunaldietan zein argitalpenetan, UEMAk, GFAk, UEUk eta Kontseiluak elkarrekin landutako ildoan, udalerri euskaldunak euskaraz bizirik mantentzeko, soziolinguistikoki diren modukoak izaten jarrai dezaten. Euskal Herriko zein nazioarteko ereduen bidez eta beste diziplinetako adituen bidez ondorioztatu genuen lurralde-antolaketak hizkuntzaren normalizazio-prozesuan duen eragina. Halaber, horri loturik Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa tresna ere aurkeztu genuen eta UEMAko hainbat udal hasiak dira ELE ezartzen.

Ildo horretan, baikor hartu genuen Eusko Legebiltzarrak onartutako Udal Legearen 2/2016 Legearen artikulatuan prebentzio linguistikoaren ikuspegia jaso izana.

Ondoren, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk Lurraldea Antolatzeko Gidalerroan Berrikuspeneko prozesuan partea hartu genuen, bai eta emendakin bidezko bi ekarpen egin ere. Ekarpen horiek, besteak beste, arnasguneen garapenari lotutakoak ziren.

Lanketa horren guztiaren ondoren, bereziki mingarria da atzerapausoa arrazoitzeko Lurralde Plangintza Sailak erabili duen argumentua: “euskara lurralde antolaketarekin lotzeko zailtasunaren ondorioa da” erabakia. “Ez da erraza ikustea euskarak lurralde antolamenduarekin duen inplikazioa”, zehaztu du Lurralde Plangintzako sailburuordeak. Hau guztia, Kontseiluak eta UEMAk hizkuntza gutxituen garapenak lurralde antolamenduarekin dituen loturak hain esplizituki agertu ostean, bai nazioarteko esperientzien bidez, bai eta hainbat diziplinatako adituen bidez ere.

EAEko 2/2016 Udal Legearen 7.7 artikuluak jasota du hizkuntza-prebentzioaren ikuspegia txertatzeko beharra. Ondorioz,  udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, baita ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan dezaketen inpaktua ebaluatzeko beharra ere,  ebaluazio horren emaitzen arabera egokiak diren neurriak proposatzeko beharrarekin batera.

Gainera, Udal Legearen garapenean hizkuntza-prebentzioaren ikuspegia ezartzeko eragin linguistikoaren ebaluazioen prozesura zehaztuko duen dekretua prestatzen hasten direnean, horrek talka egingo du, zalantzarik gabe, Lurralde Antolaketako sailak hartu berri duen erabakiarekin.

Erabakiak 2040ra arteko EAEko lurralde erabilera arautuko duenez, erabaki honek aurrera eginez gero, hurrengo 22 urteotan, betikotu ahal izango dira euskararen garapena oztopatu dezaketen arauak, plangintzak eta neurriak.

Oraindik aukera dago hau guztia konponbidean jartzeko. Horregatik, duela bi urte egin genuen bezala, eta gaur egun beste sail batzuekin hainbat ekimen elkarlanean bideratzeko egiten ari garen moduan, oraingoan ere eskua luzatu nahi diogu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketako sailari euskararen arnasguneen aldeko politika aktiboak garatzeko. Azken boladan behin eta berriro nabarmendu da arnasguneek hizkuntzaren normalizazio-prozesuan duten garrantzia, eta hauei eutsi nahi bazaie euskara zeharlerrotasunez lantzeko beharra. Beraz, ezinbestekoa dira udalerririk euskaldunenek behar dituzten berariazko politika aktiboak eta zehatzak.

Horregatik, Hasierako Onarpenaren dokumentuari berriro ere emendakina aurkeztuko diote Kontseiluak eta UEMAk.

Saretu:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna