Sarea

Ulergaitza azken urratsa egin ez izana

Kontseiluko ordezkariak Batzorde Berezian lege-proposamena aurkezten

Nafarroako Parlamentuak 2017ko urriaren
27ko Osoko Bilkuran hiru printzipio iradokitzailetan oinarritu beharreko
Euskararen Lege Berri bat idazteko Batzorde Berezia sortzea erabaki zuen. Gaur,
Batzorde Bereziak azken bilera du, ondorioak aurkeztu dituzte eta lege berri
baterako adostasunik ez dagoela adierazi dute.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak
bat egiten du Batzorde Bereziak aurkeztutako hainbat ondoriorekin, besteak beste,
1986ko Euskararen Legea ez dela egokia edota zaharkituta gelditu dela eta
berritu eta egokitu beharra dagoela. Izan ere, horrek bat egiten du Kontseiluak
Parlamentuan aurkeztutako proposamenean egindako azterketarekin. Horrekin batera,
ondorioetan Euskararen Legea onartu zenetik garatu diren nazioarteko tresna
berriak ere aipatzen dituzte, besteak beste, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio
Unibertsala zein Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Kontseiluaren proposamena
dokumentu horietan oinarritu zen. Gainera, Batzordearen ondorioen arabera zonifikazioak
ez dio Nafarroako errealitateari erantzuten. “Horretan guztian bat egiten dugu
eta horrexegatik ulergaitza egiten zaigu Parlamentuak urriaren 27ko Osoko
Bilkuran emandako aginduari behar bezala erantzun ez izana eta lege-proposamena
aurkeztu ez izana. Kontraesankorra da aurkeztu duten testuinguruan adostasuna
egonik, lege-proposamen berria aurkeztu ez izana” adierazi du Kontseiluko
idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Kontseiluak zalantzarik ez du lege berri
bat prestatzeko prozesuan korapiloak izango direla eta hor ikuspegi desberdinak
egon daitezkeela, baina zonifikazioa gainditzeko modu bakarra dagoela berretsi
nahi izan du: “Herritar guztiak berdintasunez hartuko dituen, herritarren
artean bereizkeriarik eragingo ez duen arkitektura juridikoaren oinarria
ofizialtasuna da. Azken hilabeteotan Batzordean egin diren ekarpenak kontuan
hartuta, ez da aurkeztu aitortza juridikoa erdiesteko ofizialtasunaz beste
aukerarik” esan du Kontseiluko eledunak.

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak
gogorarazi nahi izan du berriki Nazio Batuen Erakundeko Gutxiengoen Aferatarako
Kontalariak zonifikazioarengatik kezka agertu zuela. “Eskubideen zaintzari
begira nazioarteak sortu duen erakunde nagusienetako ordezkari batek jasotako
kezkari Batzorde Berezi honek irtenbide zehatzik eman ez izana gaitzetsi behar
dela uste dugu.” gaineratu du Bilbaok.

Halere, Kontseiluak herritarren arteko
berdintasuna ahalbidetuko duen marko juridikoa erdiesteko lanean jarraituko
duela iragarri du. “Egia da, bai, aukera bat galdu dela, baina egia ere bada,
eztabaida parametro egokietan jarri dugula. Gehiengo politikoak ikusi du lege
berria behar dela, baldintza sozialak badaudela eta nazioarteko itunek bide
zehatza erakusten dutela. Orain guztion lana da alderdiei gogoraraztea
herritarren oinarrizko eskubideak eta herritarren arteko bereizkeria ditugula
jokoan, ahalik eta lasterren neurri zuzentzaileak har ditzaten. Guk horren alde
lanean jarraituko dugu” azpimarratu du.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna