Zaintzaren sektorea eta euskararen inguruko mintegia, irailaren 26an Donostian

2024ko irailaren 10a

Irailaren 26an, Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen mintegia antolatu genituen Donostian, Euskalgintzaren Kontseiluak Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

IKUSI 1. ZATIA
(09:00-11:00)

IKUSI 2. ZATIA
(11:30-14:15)

Kontseiluan aspaldian ohartuta gaude lan eremua, eremu sozioekonomikoa euskalduntzea ezinbestekoa dela gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan, eta, era berean, zaintzaren sektorea estrategikotzat dugu, nahiz eta sarri euskalgintzak berak eremu sozioekonomikoaz ari denean prekarizatutako eta feminizatutako sektore hau bazter uzten duen. Baina, badakigu euskararen gaiak tentsioak ere sortzen dituela. Izan ere, zaintza egokiaren parte da norbera ardazten den hizkuntzan zaindua izatea. Baina, besteak beste, arestian aipaturiko prekarizazioaren ondorioz, zaintzan aritzen diren langilek dira gure gizartean euskararako irisbiderik zailena dutenak.

Hori horrela, egoera ezagutu eta euskalgintzatik eskaini daitekeena aztertzeko mintegi hau antolatu du Kontseiluak.

Batetik, gogoetarako gunea izango da, esaterako, aholkularitzen sektoretik zein bide urratu diren hausnartzeko. Bestetik, etxez etxeko eta zaintzaren alorreko langileen sektorearen erradiografia bat egiten saiatuko gara, irakurketa feminista bat eginez, eta, nola ez, sektoreko langileei eurei ahotsa emanez. Era berean, helduen euskalduntze-alfabetatzeari zer nolako erronkak dakarzkion ere aztertuko dugu. Arlo sozialean, ostera, korapiloa askatzen saiatzeko martxan jarritako hainbat esperientziaren berri ere jasoko dugu.

Mintegia irailaren 26an, 9:00etatik 14:30era, egingo da, Donostiako Santa Teresa Komentuko KMK Ekitaldi Aretoan (Elbira Zipitria bidea, 1 – Google Maps). Parte hartzea doakoa da, baina, aurretik izena eman behar izan da, irailaren 23a baino lehen.


EGITARAUA

09:00-09:30 Zer da eremu sozioekonomikoa euskalgintzarentzat? Nor utzi du kanpoan? Zergatik da zaintza estrategikoa euskararentzat?

  • Idurre Eskisabel Larrañaga (Euskalgintzaren Kontseilua)

09:30-10:15 Nork zaintzen gaitu? Zein baldintzatan? Sektorearen erradiografia bat ikuspegi feministatik.

  • Ainhoa Olaso Sopelana (Bilgune Feminista)
  • Miren Aranguren Etxarte (Emagin Elkartea)

10:15-11:00 Zer daukate zaintzaileek guri esateko? (Gaztelaniaz. Euskarazko interpretazioa eskainiko da)

  • Maria Elisa Peredo Quiroz (Maitelan)
  • Mariana Urcuyo (Trabajadoras no domesticadas)
  • Katia Reimberg Castello Branco (Bidez Bide)

11:00-11:30 Kafe-etena.

11:30-12:15 Helduen euskalduntze-alfabetatzeak zer du eskaintzeko? Zer egokitzapen du egiteko?

  • Sektoreko kideen irakurketa: Aize Otaño (AEK) eta Joxerra Olano (IKA)
  • Sektoreko esperientziak hainbat ikuspuntutatik: Xabier Lertxundi (Hernaniko alkatea) eta Aitziber Arnaiz (Oiartzungo euskara teknikaria)

12:15-13:00 Esperientzia praktikoak.

  • Arantza Lekuona Zabala (Kabia, Gipuzkoako Foru Aldundia)
  • Izaro Arruti Agirreurreta (Badalab)
  • Usurbilgo Zaintza Ekosistema

13:00-13:45 Zer du euskalgintzak ikasteko?

  • Naroa Olalde Artetxe (EMUN Aholkularitza)
  • Talde-dinamika

13:45-14:15 Ondorioak eta itxiera.

  • Oihana Iguaran Barandiaran