Sarea

Alarma egoerak agerian utzi dituen gabeziei aurre egiteko urgentziazko neurriak aurkeztu ditu Kontseiluak

Oraindik ez dakigu COVID-19aren eragina zenbatekoa izango den, ezta zer nolako bilakaera izango duen ere. Dakiguna da krisi honek agerian utzi dituela gure gizartearen gabeziak, eta, ondorioz, zaurgarrienak eta gutxitutakoak izan direla kaltetuenak. Hizkuntza-eskubideen kasuan beste hainbeste gertatu da: ​euskal hiztun komunitateon eskubideak zapalduak izan dira ustezko berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, eta euskalgintzarekiko erakundeen babes falta​ are begibistakoagoa izan da.

Argazki kezkagarri horrek, baina, ​bestelako bideak urratzeko aukera ekar lezake: gizarte berdizaleago eta kohesionatuago baten aldekoa. Eta Kontseiluak ez du aukera hori galdu nahi.

Azken aste hauetan ​hainbat bilera egin ditu Kontseiluak bere bazkide eta bestelako euskalgintzako kideekin (Elkar, Elhuyar, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Sortzen, Bertsozale Elkartea…). Krisiak sortu dituen ​kalteak neurtu​, eta horiei ​aurre egiteko urgentziazko neurriak ​identifikatu ditu Kontseiluak. Guztiak daude jasota Euskal Herriko erakunde publikoei helaraziko zaien dokumentuan, eta nagusienak bildu dira gizarteratu berri dugun ‘Geroa Euskaratik’ adierazpenean. Azken batean, bestelako etorkizuna eraikitzeko lema izan nahi baitu.

<<​Urgentziazkoak diogu, ulertzen baitugu ​krisiari aurre egiteko talka-planaz ​ari garela, epe motzean aplikatu edo abian jarri beharreko neurriez​>>​, zehaztu du adierazpenean Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, ​eskakizun ekonomiko konkretuak baino haratago doazen neurriak jasotzen ditu adierazpenak: bide berriak urratzen hasteko ​erabaki eraikitzaileak eta egingarriak​ dira proposatutakoak.

Adierazpenean azaltzen dira. Baina, esaterako, irakaskuntzan ​hizkuntza gaitasuna ikasle guztiei bermatzeko ​murgiltze eta mantentze ereduetan sakontzen hasteko neurriak eskatzen dira. Baita hizkuntza irizpidea ​gailenduko den ​aisialdirako ekimenei bultzada ematea ere. Helduen euskalduntzearen kasuan, bestetik, ​doakotasuna helburu izanik, horretarako urratsak ematen hastea ere eskatzen du adierazpenak. ​Euskarazko sortzaileen lana errekonozitzeko eta babesteko araudi propioa ere lantzen hastea ezinbestekotzat jotzen da, eta krisi honek hain nabarmen utzi duen baliabide teknologikoen hutsunei ere heltzea proposatzen du, besteak beste.

Guztiak ere lehenbailehen hartu beharrekoak direla uste du Kontseiluak. Bereziki ​erakunde publikoek hartu behar dituzte​, krisiak sortu dituen kalteei aurre egiteko, hizkuntza-politikak birpentsatzeko eta etorkizun hobea eraikitzeko giltzarri direlako. ​<<​Hurrengo ​100 egunak garrantzitsuak izango dira gobernuen aldetik egoera honi erantzun ahal izateko zer neurri hartuko diren ikusteko. Norabide horretan hainbat proposamen aurkeztuko dizkiegu EAEko eta Nafarroako gobernuei, arloz arlo normalizaziorako norabidean egoera berezi honetan behar diren premiazko neurriak hartzen has daitezen​>>​, zehaztu du Bilbaok.

Era berean, bestelako gizarte eragileei ere ​elkarlanerako deia ​egin die Kontseiluak, ildo berean joango diren ​adostasun zabal eta berriak lortzeko. Adierazpena kokatzen den ‘Geroa euskaratik’ dinamikak dioen moduan, elkar hartuz eta elkar zainduz soilik lortuko baitugu hitzkuntz politika berriak eta berdinzaleagoak sortzea. ​<<​Ohartzen gara ​epe eta garai estuak datozkigula, baina horregatik ere, geroa euskaratik eraikitzeko, ​aldaketak egiteko baliatu behar dugu egoera hau​. Gaur bertatik hasita dugulako jokoan geroa​>>​.

HEMEN adierazpena:

 

 

 

 

 

Geroa Euskaratik – Adierazpena

 

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna