Sarea

“Alderdiei konpromiso zehatzak jasotzeko eskaera egingo diegu hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten dugun eragileok”

Lan-bilera egin dugu Valentzian Estatuko hizkuntza-gutxituen normalizazioaren alde lan egiten duten gizarte eragileok, eta bertan izan da Kontseiluko idazkari nagusia; azaroaren 10eko hauteskundeei begira, zenbait ildo zehaztu ditugu, tartean, agerraldia egitea Madrilen hilaren amaieran.

2019ko apirilaren 10ean aragoieraren, asturieraren, galegoaren, euskararen eta katalanaren alde lan egiten duten zenbait eragileok, lau hiritan egindako aldibereko agerraldietan “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” izeneko dokumentua aurkeztu genuen.

Aipaturiko dokumentuan alderdiek hartu beharreko konpromiso-sorta bildu zen. “Egun desorekan daude gaztelania eta hizkuntza gutxituak; horrexegatik, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia erdiesteko, beharrezkoa da, besteak beste, eskubideak eta betebehar berdinak aitortzea, administrazio publikoan hizkuntza gutxituan gaituak diren langileak kontratatzea, epaitegietan hizkuntza gutxituen erabilera normalizatzea edota gaztelaniaren lege bidezko inposizioari amaiera ematea. Hartara, hori da guk zehaztu ditugun konpromisoen muina” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Izan ere, hainbat alderdik erakutsi izan dute Gobernura iritsiz gero, asmoa dutela berezko hizkuntzan bizi nahi duten herritarren eskubideak murrizteko neurriak hartuko dituztela: “Horrexegatik ez gatzaizkie alderdi horiei zuzendu. Aitzitik, gainerako alderdi guztiei eskatu nahi diegu dokumentuan jasotako konpromisoak bere egin ditzaten” azaldu du Bilbaok.

Horretarako, gaurko bileran dokumentuaren edukia gizarteratzeko eta alderdien konpromiso zehatzak jasotzeko hainbat dinamika abian jartzea erabaki da, besteak beste, hilaren amaieran Madrilen agerraldi bateratua egitea.

Saretu:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna