Sarea

Alemanian alemanez, Euskal Herrian euskaraz?

Iñaki Lasa

Alemaniak Espainian duen enbaxadak, bere webgunearen bitartez, milaka lanpostu bete behar dituela jakinarazi du berriki. Jakinarazpenak oihartzun mediatiko zabala izan du eta berria bai telebistetan, bai prentsa idatzian, irratietan bai eta egunkari birtualetan ere azkar hedatu da.

Lanpostuok osasun alorrean, ingeniaritzan, irakaskuntzan, ostalaritzan eta turismo alorrean eskaintzen dira bereziki. Pairatzen ari garen langabeziak hainbeste jenderi eragiten dion unean horrelako berriak oso kontuan hartzekoak dira, dudarik gabe. Hala ere, ez gara lerrootan arituko lan-aukeraren balorazioaz eta gaia beste ikuspuntu batetik aztertu nahiko genuke. Izan ere, interesatutako pertsonek bete behar dituzten baldintzen artean alemanaren ezagutzaren eskaria dago, Europar Erreferentzia Markoaren B1/B2, aipatzen da zehazki.

Hedabideek gaia normaltasun osoz aztertu dute, hau da, Alemaniak alemanaren gutxieneko ezagutza eskatzea ez dute desegokitzat jo, logikoa den bezala. Hari horretatik tiraka, alemana ikasteko ikastegiak erakutsi dizkigute, horretan aritzen diren irakasleek hitz egin dute, eskaera nabarmen handitzen ari dela esan digute, hizkuntzak jakiteak dituen abantailez aritu dira eta oro har, alemana ikasteko sustapen kanpaina txiki bat egin dute.

Oraingoan ezkutaturik gorde dira, euskararen kasuan aplikatzen diren beste diskurtso batzuk. Mediku ona masterrak dituena dela ez digute gogoratu, hizkuntzak ez duela medikua egiten ez dute aipatu ere egin, ebakuntza egin behar dizun zirujauak zer hizkuntza dakien ez dela garrantzitsua ez dute gogora ekarri, ez dute aipatu ere egin, alemana eskatzea inposizioa dela denok europarrak garelako. Hau da, medikuek Euskal Herrian euskara ezagutu behar dutela eskatzen dugunean, eskaintzen dizkiguten aipu zital guztiak gorde egin dituzte oraingoan.

Euskal Herrian, Alemanian bezala, zerbitzu publikoa eskaintzen duten pertsonek hizkuntza ofizialak ezagutu behar dituzte. Benetako inposizioa ez jakintasunak sortzen du. Beraz, esan dezagun garbi: mediku ona medikuntza dakiena eta gaixoa haren hizkuntzan artatzen duena da.

Alemanian alemanez, Euskal Herrian euskaraz.

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna