Sarea

Errigora (Paul Bilbao Sarria)

DM-GjO6XUAAj5AG

Berriz ere ate-joka dugu Errigoraren kanpaina berria, eta, egia esan, beste behin asmatu dute leloarekin: ZUBIGINTZA. Are gehiago, iazkoarekin lotzeko aukerak ematen ditu aurtengoak: Errigorago gaitezen, zubigintzaren bidez.

Kanpainan dioten moduan, zubiek amildegien bidea egiten dute eta amildegiak gurutzatzeko artea da, aparteko munduak lotzen dituzte zubiek. Eta, zalantzarik ez, Errigoraren zubien bidez Cascante eta Errezil, Fustiñana eta Balmaseda, Tutera eta Hendaia… Euskal Herria zubiz betetzen dute.

Errigora zubiak dira, baina nire ustez garrantzitsuena zera da: AUZOLANA. Hizki larriz idatzitako auzolana da, herritarrok une oro garelako protagonista. Ekoizleak, laguntzaileak, tokiko euskalgintza, erosleak… Euskal Herri osoko herritarrak lotzen ditu Errigorak.

Eta, nola ez, euskara da Errigoraren ardatz nagusiena. Egia da, bai, bertako irabaziak euskararen aldeko proiektuetan inbertitzen direla, eta hori txalogarria da. Halere, nik oraingoan bertako ekoizleak txalotu nahi ditut. Izan ere, Errigorako kaxa etxera heltzen zaidanean, eta bertako produktuetako etiketak direla orburuak, direla zainzuriak zein marmelada, euskaraz idatzita daudela ikustean, orduan, bai, Errigoraren indarra eta eragina sekulakoak direla iruditzen zait. Bertako ekoizleek urrats bat egiten dute euskaldun guztiok produktuetako informazioa euskaraz izateko. Nongoak eta euskara ofiziala ez den eremu bateko ekoizleak!!! Tira… Badute, bai, beste askok zer ikasi eta nondik ikasi.

Duela bi aste Iruñean egon nintzen Errigoraren aurkezpenean. Berriz ere, ileak laztu zitzaizkidan bertan partaide zuzenak diren pertsonen testigantzak entzun nituenean. Ekoizleak, kontsumo taldeak, Nafarroako hegoaldeko euskalgintzako ordezkariak… Denek ilusioa erakutsi zuten, denek pasioa erakutsi zuten… Eta, orduan ere esan nuena adieraziko dut orain: Nola daiteke horrelako proiektu bat abian egonda, eremu horretan euskara sustatzeko egiten den auzolana ikusita, eremu horretako euskaldunei eskubideak legez ez aitortzea? Ez al dute politikariek lotsarik? Beti esan izan da gizartea politikarien aurretik doala, eta Nafarroako hegoaldean ere halaxe da, baina bada garaia bidegabekeria horri amaiera emateko. Halere, bien bitartean, guk Errigora are gorago eramaten jarraituko dugu. Bejondeizuela!!!

Estrainekoz Info 7 Irratiko Gureaz Blai saioan emitituta.

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna