Sarea

Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak egindako gomendioen balorazioa

Kontseiluaren eta Behatokiaren arabera, Ministroen eta Adituen Batzordeek egindako gomendioek bat egiten dute haiek egindako eskaerekin, eta erakundeei konpromiso irmoa eskatu diete gomendioak betetzeko. Estatuaren axolagabekeria agerian uzteaz gain, Nafarroan euskararen sustapenean eta langile elebidunen kontratazioetan
erabaki ausartagoak hartzeko aukerak agertzen dituztela uste dute.
Agerraldi bateratua egin dute Iruñean Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak aurreko astean Europako Kontseiluak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren bosgarren ebaluazioaren karira argitaratutako txostenaren inguruan.

Lehenik eta behin Gaubekak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei: “Guk prestatutako txostena herritarren bizipenetan oinarritzen da, herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak baliatzen ditugu Ituna berrestean hartutako konpromisoak non ez diren betetzen ikustarazteko. Hortaz, eskerrik asko euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eusten dioten herritarrei”. Horrekin batera Behatokiko zuzendariak azaldu du bi erakundeek Estrasburgora helarazitako txostenean jasotako elementu gehienak bere egin dituela Adituen Batzordeak: “Argi dago gurea bezalako erakundeen iritzia funtsezkoa dela Gutunaren betetze-maila baloratu ahal izateko”.
Gainera, Behatokiko zuzendariak azaldu du Eurogutuna derrigorrez bete beharreko ituna bada ere Ministroen Batzordeak aurreko ebaluazioan euskarari eragiten dioten gomendioetatik bat bera ere ez duela bete Estatuak. Gaubekak gogor gaitzetsi du Espainiako Estatuaren jarrera: “Lehen ebaluaziotik Espainiako Gobernuari administrazioetan jarrera aldatzeko eskatu bazaio ere, muzin egin izan die gomendioei, eta bosgarrenez agerian utzi du axolagabekeria. Hortaz, zertarako berretsi nazioarteko itunak, ondoren, bertatik datozen gomendioei erreparatzen ez bazaie?” galdetu du.
Halaber, gogoratu du, egun etorkizuneko Gobernuari buruzko negoziazio-prozesuan ari direla.
Horrexegatik, alderdiei eskatu die konpromisoak jaso ditzaten Europako Kontseiluaren gomendioak betetzeko eta gurea bezalako hizkuntzen egoera iraultzeko.
Horrekin batera, justizia-administrazioan gertatzen dena eskandaluzkotzat jo du Behatokiko zuzendariak: “Estrasburgon kontziente dira marko juridikoa eta Botere Judizialaren Lege Nagusi aldatu behar direla, eta halaxe ari zaio eskatzen azken urteotan. Hor ere Estatuak hizkuntza- eskubideak ez ezik, defentsa-eskubidea zein babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere urratzen jarraitzen du” esan du.
Autonomia erkidegoei dagokienez, Gaubekak azaldu du EAEn, osasungintza eta herrizaingoa behin eta berriz agertzen direla txostenetan “Egia da, bai, Europatik aurrerapausoak izan direla aitortzen dutela, baina ohartu dira bai zer-nolako gabeziak dauden oraindik” azaldu du.

Bere aldetik, Paul Bilbaok Nafarroako hizkuntza-politikaren gainean jasotakoa azaldu aurretik, mahai gaineratu du egungo legeriaren ondorioz Gutunaren sektorekako konpromisoak ez direla Nafarroa osoan aplikatzen “Gogoan izan behar dugu, eta Adituen Batzordeak hala jasotzen du, euskara ofiziala den eremuan besterik ez direla aplikatzen sektorekako konpromisoak. Halere ,oso argia eta zuzena izan da txostena Gobernuari eskatzean euskara ofiziala ez den eremuetan euskara sustatu behar duela, baldin eta Gutunak bigarren atalean biltzen dituen oinarrizko konpromisoak beteko baditu”.
Bestalde, Bilbaoren arabera oso argigarriak dira Adituen Batzordeak lanpostuen inguruan egindako oharrak; izan ere, egun euskararen ezagutza duten lanpostuak nahikoak ez direla jasotzeaz gain,
agerian jartzen dute ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskara baino gehiago baloratzen direla. “Hartara, Adituen Batzordeak herritarren eskubideak bermatzeko beharrezkoa
denari erreparatzen dio. Hortaz, gure ustez, horren arabera, Gobernuak lanpostu gehiagotan ezarri beharko luke euskararen derrigorrezko ezagutza; eta nola ez, euskararen eagutza berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza gutxiago baino gehiago baloratu beharko luke” gaineratu du.
Azkenik, gogora ekarri du duela aste batzuk Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak kaleratutako epaia: “Orduan esaten genuen epaiak Eurogutunarekin talka egiten zuela, eta txostenak hori erakutsi du. Egia esan, jarraitzen dugu ulertu gabe zergatik ez zitzaion helegiterik tarteratu. Dena dela, orain Gobernuak badu irizpide berri hauei jarraitzea dekretu berriari begira; bai euskararen erabilerari begira ofiziala ez den eremuetan, bai eta langileen hizkuntza-gaitasunari eta euskararen balorazioari begira ere” esan du Kontseiluko ordezkariak.

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna