Sarea

Euskaldunon hizkuntza eskubideekiko bazterkeria merke saltzen da (Iker Salaberria Urkizu)

Gaur, Berriaren bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontsumitzaileen estatutu berria egin nahi duela. Sailak prestatu duen aurreproiektuan, ordea, kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak bermatzeko urratsak ematea baztertu dute.

Herritar kontsumitzaileok ez ditugu antza hizkuntza eskubideak beste eskubideen pare. Eta halakoetan ohi denez eta batzuek gustuko dutenez, atera dute beste behin hori arrazoitzeko betiko arrazoibide errepikakorra: Hemen ezin da inposatu, gero! Tira, zehatzago, halaxe erantzun omen du sailaren aholkulari juridikoak: «doktrina konstituzionalak ezartzen duelako ezin dela hizkuntzarik inposatu».

Argudiaketa horrek, bi galdera behintzat jartzen ditu begien bistan: Hizkuntzarik ezin dela inposatu dio; benetan? Gaztelera ere ez? Alegia, enpresa batek erabaki dezakeela bezeroari gazteleraz ez ematea informazioa? Tira, bistan da, hizkuntzarik ez inposatzearena ez dela maxima edo doktrina konstituzionala, bere hirugarren artikuluan bertan ezartzen (inposatzen) baitu espainiar guztiek gaztelania ezagutzeko betebeharra dutela. Akaso, kontua izango da gauzak aldatzen direla gaztelania ez den beste hizkuntzen kasuan[1]

Bigarren galdera, ordea, bestelakoa da: Zergatik deitzen dio Eusko Jaurlaritzako aholkulari batek hizkuntzagatiko bazterkeria saihesteko neurri bati, edo bestela esanda, hizkuntza eskubideen urraketa saihesteko neurri bati, inposaketa? Zer nolako inposaketa izan liteke, bada, hizkuntza bakarrean eskaini beharrean arreta, informazioa, dokumentazioa… bi hizkuntzatan eskaintzea? Ez ote da, bada, inposatzea, hizkuntza bakarrean eskaintzea bera?

Beraz, inposatu, gaur egun egiten zaigu, gaztelera, herritar/kontsumitzaile euskaldunoi. Eta proposatzen denak, enpresek euskaldunoi zerbitzua euskaraz ere emateak, inposaketa edo bazterkeria hori gainditzea suposatzen du. Enpresei ezer kendu ez, baizik, hizkuntza bat gehitzeko eskatuz, baina eurak nahi duten hizkuntza inposatzeko bedeinkazio guztiak eta alfonbra gorria jarri gabe, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kontsumitzaileen estatutu berriak egin asmo duen bezala, antza.

Mesede gutxi egiten diote euskararen normalizazioari Eusko Jaurlaritzatik halako diskurtsoak zabaltzen direnean. Ez legoke gaizki, emakumeen berdintasunaren arloan izan den bilakaera aintzat hartuta, euskararen aldeko neurri positiboei buruz hitz egiten eta pentsatzen hasiko balira, euskaldunoi, inposatzaile etiketa etengabe bizkar gaineratuz, diana jarri eta erdara hutsezko jardunari halako estaldura juridiko, politikoa eta diskurtsiboa eman beharrean.

 


[1] Ondo legoke Jaurlaritzako legelariek katalunian halakoak nola egin egiten dituzte kontsultatuko balute: http://consum.gencat.cat/es/el-consum/durant-la-compra/drets-lingueistics-/

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna