Sarea

“Udalen hizkuntza-politikak aztertu ondoren, egoera fidelen definitzen duen hitza nahaspila da”

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu ditu. 2006an abiatu zuen Kontseiluak dinamika hau, Euskal Herriko 66 herritan lehen neurketa eginez. 2010ean egin da bigarren neurketa, ziklo politiko oso bat iragan denean, hain zuzen ere.

Ondorio argi bat atera du Kontseiluak bigarren neurketa honetan eta horrela laburbildu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak “udaletako hizkuntza-politikak aztertu ostean dagoen egoera hoberen definitzen duen hitza nahaspila da”. Baieztapen horren azalpena ere eman du Bilbaok: “udalen hizkuntza-politiken arteko ezaugarri bateragarririk ez dago. Alderdiek ez dute hizkuntza-politika definiturik: horrek, alderdi berekoak diren bi udalen arteko hizkuntza-politikan 10eko puntuazioaren gainean 7 puntuko aldea egotea ahalbidetzen du. Estatusak ere ez du koherentziarik finkatzen garatzen diren hizkuntza politiketan: horrela, euskara ofiziala den eremu juridikoko udalen hizkuntza-politiketan oso muturreko kasuak ditugu. Herrialde bereko herriek ere ez diote hizkuntza-politikari kolore antzekoa eskaintzen. Esan daiteke nahaspila honetan koherentzia esleitzen duen ezaugarri bakarra egoera demolinguistikoa dela. Alegia, ezagutza tasaren araberako hizkuntza-politikak artikulatzen dira nagusiki Euskal Herrian” esan du Bilbaok. “Honek, ordea, herri mailan normalizazioa erdiesteko ezinbestekoa den udal mailako hizkuntza-politika egokiari oztopoak jartzen dizkio. Izan ere, normalizaziorako hizkuntza-politika eraldatzaileak ezinbestekoak dira. Neurketak agerian uzten duenez momentu honetan egun dugun errealitate demolinguistikoari erantzuten dioten politikak baino ez dira artikulatzen eta zorigaiztoko kasu batzuetan hori ere ez”.

Bi urteetan (2006 eta 2010) egindako neurketaren alderaketa egin du Kontseiluak eta aztertutako elementuen artean, hainbat neurritan aldaketak eman direla adierazi: “herri batzuk aurrera egiten ari dira, herritar batzuek hizkuntza-politika egokiek euskaraz bizitzeko eskaintzen dituzten aukerez gozatzen dute egun. Gure zorionik beroena bide horri ekin dioten udalei. Aurrerapauso hauek, ordea, ez dira inondik nahikoa, egoera orokorrean argi txiki bat dira. Argi gehiago behar du normalizazio prozesuak. Tamalez, ezin esan dezakegu, aurrerapausoren bat eman bada ere, hizkuntza-politikak sistematikoki aurrera egiten duenik”, Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan.

Bilbaok, bestalde, aipatu du “esku-artean ditugun datuak aintzat hartuz, hizkuntza-politika egokiak egiteko kasu gehienetan lau urte galdu ditugula esan dezakegu, herritarren eskubideak beste lau urtez urratu direla, euskaraz bizi nahiari beste lau urtez oztopoak jarri zaizkiola. Izan ere, Kontseiluak egindako lanaren bitartez detektatu dira zein ziren gabeziak eta horiek hobetzeko proposamenak ere landu dira. Horiek, berriz ere, Udalen eskura jartzen ditugu”. Aurrera begira, Kontseilua datozen lau urteak euskararenak izan daitezen lan egingo duela adierazi du Bilbaok. “Argi ikusi dugu bide honetan aurrerapauso eraginkorrak eman daitezen beharrezkoa dela prozesu antolatu eta orkestratua abiatzea. Norabide berean jarri behar ditugu herri honek euskaraz bizitzeko adierazi duen nahia eta horri erantzun behar dioten hizkuntza-politikak. Tokian tokiko egoera kontuan hartuz, baina egoera hori eraldatzera joko duten politikak abiatuz eta epe zehatzetan aurrerabidea izanen duten neurriak inplementatuz bakarrik lortuko dugu euskararen normalizazioa. Prozesu horretan parte hartu nahi duten udalek Kontseilua bidelagun izango dute, elkarlana da bidea”.

Kontseiluak tresna hau eguneroko lanean baliagarria izan dadin abiatu zuen 2006an, 10.000 biztanletik gorako populazioa duten eta guztira bi milioitik gorako biztanleengan eragina duten hizkuntza-politikak aztertuz. Lau urte igaro ondoren, alderaketak egiteko aukera izan du orain Kontseiluak. Udalek hartutako erabakien inguruan, emandako aurrerapauso eta atzerapausoak… aztertu ditu. Udalak aztertzeko erabakia erabaki estrategikoa da, udala baita herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa; bertan garatzen ditu herritarrak, egunean-egunean bere lanak eta harreman-trukeak, horretarako beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak erabiliz. “Horregatik, esan beharrik ez dago, neurri handi batean bertan jokatzen dela euskararen etorkizuna, onerako zein txarrerako”, azaldu du Kontseiluko kide Maite Indak.

66 herritako datuen arabera egin da alderaketa, izan ere, 2006an herri horietako hizkuntza-politikak aztertu ziren. Dena den, 2010ean azterketa beste 47 herritara hedatu da, orotara 113 herrietako hizkuntza-politikak aztertu direlarik. Gaur aurkeztu ditu Kontseiluak bigarren neurketa honek eman dituen ondorio nagusiak. Epe laburrean, herriz herriko datuak publiko egingo dira web gune baten bitartez. Horretaz gain, herri mailako hitzaldiak eginen dira maila lokalagoko irakurketa egiteko aukera eskainiz.

Azkenik, eskerrak eman nahi izan dituzte lan hau egiten lagundu duten euskalgintzako kide guztiei, baita lana erraztu duten udal ordezkari eta teknikariei ere. Donostiako Aquariumeko arduradunei ere eskerrak eman dizkiete arratsaldeko aurkezpena egiteko lekua uzteagatik.

Saretu:
No comments yet.

Utzi erantzuna