Sarea

Donostiako Protokoloa Europako gizarte eragileen proposamen adostua da dagoeneko

argazkia

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa prestatzeko prozesuak hasieran jarritako helburu guztiak bete dituela adierazi du Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Donostia 2016 Fundazioaren ordezkari Asier Basurtorekin batera Donostian egindako agerraldian Bilbaok esan du prozesua arrakastatsua izan dela eta lortu egin dutela hizkuntza gutxiagotuen berreskurapenaren alde lan egiten duten Europako gizarte eragileek elkarrekin proposamen bat adostea. Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz gainera “etorkizunari begirako tresna eragingarria izango da Donostiako Protokoloa”.

Prozesua nola egin den xehetu du Paul Bilbaok:

“Euskal Herriko bost hiriburutan egin ditugu aurkezpenak, Euskal Herrian bost tailer antolatu genituen sektorekako gaiak jorratzeko, ehun lagun inguruk hartu zuten parte, eremu desberdinetako ordezkariak. Ondoren, horietako gehienekin lanketa intentsiboagoa egin zen, lan saio berezituen bidez: lan munduan diharduten eragileak, hedabideak, hezkuntza-eragileak, teknikariak, aktoreak, idazleak, kulturgileak, aisialdian diharduten eragileak, sindikatuak, unibertsitate-arloko irakasleak, IKT eremuan dabiltzan adituak…”

Horretaz gain, Euskal Herritik kanpo honako toki hauetan egin dira aurkezpenak:

Katalunia, Galizia, Irlanda, Gales, Frisia, Flensburg, Brusela, Asturias, Norvegia, Estonia.

Beste komunitate batzuekin bideokonferentzien bidez egin dira aurkezpenak: Sardinia, Korsika, Bretainia, Eskozia, Friuli…

Azaldu dutenez, 400etik gora ekarpen egin dituzte Euskal Herria eta Europa osoan hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren gizarte zibileko elkarteek. Aurreko astean Batzorde Zientifikoa bildu ostean azken ukituak ematen ari dira, 150-180 inguru neurri izango ditu, bai eta horiei dagozkien adierazleak ere.

Azkenik,  urriaren 25ean Talde Antolatzailea bilduko da Donostian Protokoloaren testua itxitzat eman eta gizarte eragileen berrespenari ekiteko.

DSS2016EUko ordezkari Asier Basurtok nabarmendu du Donostiak Europako elkarbizitzari egin diezaiokeen ekarpen nagusietakoa dela hizkuntzaren alorretik datorrena.  Abenduaren 15 eta 16an Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa adituen eta alor horietan lanean dabiltzanen arteko hausnarketa gunea izango da. Foro horren lehen egunean, Protokoloaren edukien aurkezpen bat egingo zaie adituei.

Abenduaren 17an, larunbatean, behin Foroa bukatuta, DSS2016EUk eta Kontseiluak Protokoloaren aurkezpen ekitaldia egingo dute; aurrerago emango dira aditzera programaren inguruko xehetasunak.

DSS2016EUren ordezkariak esan du Protokoloa herritar orok dituen eskubideak bermatzeko tresna bat gehiago izango dela. Aurrerantzean nazioarteko erreferentzia izateko sortu da Donostiako Protokoloa eta DSS2016EUren legatuaren parte izango da.

Saretu:

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna