Sarea

Egin genituen oharrak gomendio bihurtu ditu NBEko Kontalariak

Espainiako Gobernuak gogor erantzun dio beste txosten baten bidez,, eta auzitan jarri du
NBEko Gutxiengoen Aferetarako duen Kontalariak “gutxiengo” terminoari esleitzen dion edukia.

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluari eduki zehatza emateko onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak Gutxiengo Nazional, Etniko, Erlijioso eta Linguistikoko kide diren Pertsonen Eskubideei Buruzko Aldarrikapena 1992an. Espainiako Estatuak Deklarazio hori betetzen duen egiaztatzeko bira egin zuen iaz NBEko Kontalariak, eta besteak beste, Kontseiluko ordezkariekin bildu zen. Handik urte batera, Kontalariak bisitari buruzko txostena eta gomendioak biltzen dituen txostena argitaratu du.

“Egia da, bai, batetik, Deklarazioak duen eragin ahalmena oso ahula dela, ez baita eskubideen itun bat.. Bestetik, kontuan hartu behar dugu gutxiengo mota asko bere egiten dituela dokumentuak eta, beraz, ez dela hizkuntza gutxituen defentsarako mekanismoa. Azkenik, eta NBEaren irizpideei jarraiki, ez dago eskubideen kolektiboaren aitortzarik, pertsonak ditu jomuga. Halere, esan dezakegu, NBEk gutxiengoen inguruan dagoen dokumenturik interesgarrienetakoa dela” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Iaz Kontseiluko ordezkariek hainbat kezka agertu zituzten Kontalariaren aurrean “Hizkuntza-eskubideen zenbait urraketatan oinarrizko beste eskubide batzuk jokoan zeudela azaldu genion, bereziki justiziaren eta hezkuntzaren eremuan. Horretaz gain, Nafarroan gertatzen diren desorekak ere partekatu genituen Kontalariari helarazitako txostenean” azaldu du Bilbaok

Kontalariak aurkeztu duen txostenean, Kontseiluak egindako oharrak bere egiteaz gain, eremu horien inguruko gomendio zehatzak agertu ditu: “Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzeko gomendioa; hizkuntza-ereduen inguruko ebaluazioa egiteko gomendioa, kezka agertzen baitu eredu eleaniztun berriekin; gutxiengoen hizkuntzan oinarritutako irakaskuntzaren portzentajea jaitsi dezakeen edozein neurri edo jarduna berrikusteko gomendioa… Kontalariak argi utzi du aldaketak behar direla oinarrizko eskubideak bermatzeko.”

Azkenik, Bilbaok Espainiako Estatuak erakutsi duen jarrera baloratu nahi izan du: “Harrituta utzi gaitu gomendioen aurrean Estatuak agertu duen erasokortasunak. Estatuak auzitan jarri du NBEko Kontalariaren irizpidea gutxiengoak definitzeko. Are gehiago, inolako datuen bermerik ez duten iritzi eta baieztapenak egiten dituela leporatu dio Kontalariari. Akaso, Estatuak ez daki hamaika eragilek, tartean Kontseiluak, informazio zehatzez betetako txostenak jarri genituela Kontalariaren esku. Gomendioei nola erantzun pentsatu beharrean, Kontalari independentearen kontra egiten du. Eskandaluzkoa da Estatuaren jarrera” azaldu du Bilbaok.

 

KONTALARIAREN TXOSTENA JAISTEKO, HEMEN SAKATU

KONTSEILUAREN TXOSTENA JAISTEKO, HEMEN SAKATU

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna