Sarea

Espainiako Auzitegi Gorenaren Lasarte-Oria Udalaren kontrako epaia oso larritzat jo du Kontseiluak

Espainiako Auzitegi Gorenak haurrentzako jarduerak derrigorrez euskaraz egiteko Lasarte-Oriako diru-laguntzen baldintza baliogabetu du, eta hori oso larritzat jo du Kontseiluak. “Estatuaren eskuhartze berri baten aurrean gaude. Beste behin erakutsi nahi dute hizkuntza-politikaren inguruko neurrietan zeinek duen azken erabakia”, salatu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Jesus Zaballos PSE-EEko alkate zela, 2017ko martxoan onartu zuen ordenantza Lasarte-Oriako Udalak. Ordenatza horrek udal-laguntzak jasotzeko honako hizkuntza-irizpidea zuen: 16 urtetik beherako jarduerak euskaraz izan beharko zuten udal-laguntza jasotzeko. Orduko Javier de Andres Espainiako Gobernu ordezkari popularrak kontrako helegitea aurkeztu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak udalaren alde ebatzi zuen epaia. Hala ere, Espainiako Abokatu Gorenak Auzitegi Gorenera eraman zuen auzia, eta udalaren kontra ebatzi du orain Gorenak, euskaraz ez dakitenen aurkako berdintasun printzipioa urratzen dela argudiatuta.

Ulergaitza da epaia, Bilbaoren hitzetan. “Udalak irizpide hori ezartzeko justifikazio objektiboa eta arrazoizkoa baliatu zuen. Eskualde edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak jaso bezala, egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea ezin da diskriminaziotzat jo”. Gainera, are gehiago adin tarteari erreparatuz gero. “Jarduera horiek 16 urte baino gutxiagoko gazteei begirakoak dira, eta legearen arabera derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten gazteek gaitasun egokia beharko lukete hizkuntza-ofizialetan. Hartara, hori horrela ez bada, eskua sar dezatela hezkuntza sisteman hor ere diskriminaziorik egon ez dadin, eta berma dadila gaitasun egokia dutela derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan”.

Ondorioz, euskararen normalizazioa oztopatzeko helburua duen epaia dela uste du Kontseiluak: “Hezkuntza ez-formalak normalizazio prozesuan garrantzi gehiago hartzen ari dela ohartuta hasi dira galga jartzen”. Horregatik, elkartasun osoa adierazi nahi dio Kontseiluak Lasarte-Oriako Udalari.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna