Sarea

Euskaraldian parte hartzeko deia egiten die Kontseiluak herritarrei

Ireki da Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea. Kontseiluko bazkide den erakundeak bultzatutako ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta Gehiago. Gehiagorekin. Gehiagotan lelopean, 15 egunez herritarren hizkuntza ohituretan eragitea da xedea. 16 urtetik gorako herritar orok du izena emateko aukera www.euskaraldia.eus webgunean, eta duela bi urteko ekimenean bezala, Ahobizi edo Belarriprest rola hautatu beharko dute ariketako parte hartzaileek.

Atzo goizean Gasteizen egin zen agerraldi instituzionalean euskalgintzaren ordezkari gisa izan zen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Bilbaoren hitzetan, <<hizkuntzaren auzian bizi dugun egoera zaurgarrian inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitatea handitzea, trinkotzea>>. Gisa honetako ariketa sozialek <<euskara ikusgarriago egiten dute, bizi-poza ematen diote, eta hori geroa euskaratik eraikitzeko ezinbestekoa da>>.

Arratsaldean Bergarako Seminarixoan egin zen aurkezpen ekitaldian eman zitzaion, hain zuzen, ikusgarritasuna ekimenari. Broken Brothers Brass Band talde iruñearraren musika Sustrai Colinaren hitzekin uztartuz, Euskaraldiaren bigarren edizio honetako kanta eta bideoklipa aurkeztu ziren.

Bi hilabete besterik ez dira falta ekimenari hasiera emateko, eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazi bezala, <<euskaren aldeko jauzia egiteko garaia da: herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo>>. Horregatik, Paul Bilbaok euskal herritar guztiei deia egin nahi die ekimenean parte hartzera: <<euskalgintzatik dei egin nahi diegu herritar guztiei Euskaraldian parte hartzera, euskararen aldeko konpromisoak indartzera, eta norbanakotik kolektibora, geroa euskaratik eraikitzeko urrats sendoak ematera>>.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna