Sarea

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren garrantzia nabarmendu dute ‘Euskararen Herria Euskal Hiztun’ jardunaldiek

Emankorrak izan dira. Bi egunez 15 aditu aritu dira euskararen ezagutzaren unibertsalizoari buruz hausnarrean Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak antolatutako Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldietan, eta ehun bat lagunek jarraitu dituzte sarearen bidez.

Hainbat arlo eta ertzetatik heldu zaio gaiari, hala nola, hezkuntzatik, aisialditik, erakundeen hizkuntza-politiketatik, helduen euskalduntzetik… Baina guztiek bat egin dute azpimarratzerakoan euskararen erabilera eta ezagutza banaezinak direla, eta, ondorioz, elkarreragin hori kontuan hartu behar dela euskararen sustatze politikak garatzerakoan.

Gainera, harreman hori testuinguru berri batean kokatzen dela ohartarazi dute adituek, batez ere herritar gazteagoen kasuan. Hori dela eta, aurrena testuinguru berri hori aztertu eta ulertu behar dela ziurtatu dute, tresna berriekin; bai behintzat ezagutzaren eta erabileraren harremanaren nolakotasuna benetan ulertu nahi bada. Eta hori ezagututa, urrats berriak eman beharko dira, ezinbestean. Esaterako, hezkuntzan. Arloko eragile nagusiek osatutako mahai inguruan agerian geratu zen errealitate berriari erantzunen dion molde eta neurri berriak premiazkoak direla, eta horretarako Kontseiluaren Ikasle euskaldun eleanitzak proposamena abiapuntua izan litekeela azpimarratu zuten.

Beste hainbat ideia eta proposamen utzi ditu Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak. Datozen egunotan aletuko ditugu, eta hitzaldi guztiak entzungai jarriko ditugu Kontseiluaren sareko atarian.

Adituen laburpena 

Lehen egunean, atzo, Xavier Vila Bartzelonako Unibertsitateko Soziolinguistika eta Komunikazio Ikerketa Zentroko (CUSC) zuzendariak soziolinguistikaren diziplinatik ezagutzaren unibertsalizazioak zein kokapen hartzen duen azaldu zuen. Ondoren, mahaiaren bueltan elkartu ziren Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzailea, Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusia, Iñigo Salaberria Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko lehendakaria eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen elkarteko lehendakaria; euskararen eta hezkuntzaren orainaz eta geroaz aritzeko. Egunari amaiera emateko, gaitasunaren eta testuinguruaren inguruan solasaen aritu ziren Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko Hizkuntz Egitasmoen koordinatzailea.

Gaur, bigarren egunean, Amaia Etxabe Txatxilipurdiko koordinatzaile nagusiak eskaini du aurreneko hitzaldia; gizartearen erantzunkizunaz eta euskararen ezagutza unibertsalaz aritu da. Segidan, Mikel Arregi Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jokin Azkue HABE zuzendaria eta Argitxu Camus Euskararen Erakunde Publikoko helduen euskalduntzeko misio karguduna elkartu dira, helduen euskalduntzeaz eta erakundeen paperaz jarduteko. Gai horixe ere izan dute solasai jarraian Isidro Ioldi Urrats euskaltegiko zuzendariak, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Joxerra Olano IKAko ordezkariak. Helduen euskalduntzearen sektorean egin beharreko etorkizuneko urratsak zedarritu dituzte. Azkenik, euskal hiztun aktibo izateari Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko eta Soziologiako Saileko irakaslearen hitzaldiarekin amaitu da jardunaldia.

Azkenik esan Paula Kasares soziolinguistikan adituak ezin izan zuela transmisioaren inguruko hitzaldia eskaini, arazo teknikoak direla medio. Horregatik, hitzaldia grabatuta eskainiko dugu datorren astean Kontseiluaren webgunean, bere mezua jardunaldien parte ere izan dadin.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna