Sarea

Euskararen herria euskal hiztun – Jardunaldiak

Transmisio zein sozializazioaren, hezkuntzaren eta helduen euskalduntzearen eremuak lan-ildo nagusitzat hartuta, ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko gogoeta plaza eratu dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Euskararen normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantziaz jakitun, patxadaz eta sakon hausnartzeko baliagarriak izango dira jardunaldietan egingo diren hamaika hitzartzeak.

Azaroaren 12an eta 13an gauzatuko da gogoeta kolektibo hori, Bilboko Bizkaia Aretoan, hain zuzen. Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak modu presentzialean jarraitzeko osatu dute egitaraua, eta ikusleen segurtasuna bermatzeko, segurtasun- eta osasun-protokoloa garatu dute. Hala ere, Bilbora hurbildu ezin dutenek ere izango dute ekimena jarraitzeko aukera; zuzeneko irudiekin online kanalen bidez jarraitu ahal izango dira jardunaldiak. Molde batean zein bestean, izena ematea ezinbestekoa izango da.Egindako bideari erreparatzeko eta etorkizunari begirako gakoak definitzeko, hamaika hitzartzek osatu dute egitaraua. Molde eta forma ezberdinetan, ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruan egon daitezkeen hiru ikuspegi garrantzitsuenak bildu nahi izan dituzte antolatzaileek: adituena, instituzioena eta eragileena. Xehetasun guztiak ezagutu nahi? Hona programa osoa.

Euskararen herria euskal hiztun jardunaldietako egitarau guztia gertuagotik ezagutu nahi baduzu, jarraian xehatzen dira ordutegi, molde, izenburu, hizlari eta edukiak:

EGITARAUA

-> Azaroak 12, osteguna

09:00-09:30 – Irekiera ekitaldia

09:30-11:00 – Hasierako hitzaldi nagusia: Ezagutzaren unibertsalizazioaren hari-muturrak ikuspegi soziolinguistikotik

11:30-11:30 – ETENA

11:30-12:30 – Hitzaldia: Euskararen transmisioaz ari garelarik, zertaz ari gara? Hausnarketa estrategikorako gakoak

12:30-13:30 – Elkarrizketa: Aisialdia eta ingurune digitala, bi ardatz sozializazioan: nola jardun, zer egin?

13:30-15:30 – ETENA

15:30-17:30 – Mahai-ingurua: Hezkuntzaren oraina eta etorkizuna: Zer eta nola egin ikasleen gaitasunetan eragiteko eta belaunaldi berri euskaldun (aktibo) eleaniztunak erdiesteko?

17:30-18:30 – Elkarrizketa: Eskola, familia, gizartea… Ingurunearekin elkarrekintzaren beharra

 

-> Azaroak 13, ostirala

09:00-09:45 – Bigarren hitzaldi nagusia: Gizarte erantzukizuna ezagutzaren unibertsalizazioan: jendartea entzun eta elkarrekin erantzun

09:45-11:15 – Mahai-ingurua: Nola kokatzen da helduen euskalduntzea hizkuntza-politiketan? Zein dira instituzioen egungo erronka nagusiak?

11:15-11:45 – ETENA

11:45-13:00 – Elkarrizketa: Zein bide egin behar du helduen euskalduntzearen sektoreak hurrengo urteetan?

13:00-13:45 – Amaierako hausnarketa: Ezagutzaren unibertsalizazioaz haratago: hiztun izatetik hiztun aktibo izatera

13:45-14:00 – Jardunaldien itxiera