Sarea

Euskararen marka aztergai duen ikerketa proiektua aurkeztu dugu EHUrekin eta gure zenbait bazkiderekin batera

EHUko Bilboko Bizkaia Aretoan izan den aurkezpenean  Kontseiluarekin batera, EHU eta gure bazkide AEK, BERRIA, ELKAR, ELHUYAR, EMUN, Euskaltzaleen TOPAGUNEA eta Euskal Herriko IKASTOLAK izan dira.

Kontseiluak garrantzia handia ematen dio jendeak euskararen eta euskal kulturaren inguruan duen ikuspegiari eta iritziari. Iruditzen zaigu horren lekuko direla azken urteotan eginiko azterlan desberdinak eta euskalgintzaren beraren diskurtsoa eguneratzeko egin diren saiakerak. Horrekin batera, zenbait eremutatik garatutako diskurtsoen bilakaera eta ikuspegi estrategiko falta ere kezkaz ikusi izan du. Hartara, horiek oinarri hartuta gai honen inguruko lanketa sakon, estrategikoa eta integrala egiteko apustua egin genuen.

Kezka hori ez zen Kontseiluarena soilik, EHUko hainbat adituk eta gure zenbait bazkidek ere partekatzen zuten. Hartara, kezka horiei irtenbide propostiboa egiteko jauzia egitea erabaki,  eta proiektua abian jarri genuen.

Alor akademikoan, proiektu aitzindari eta berritzailea da, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia delako. Marka bat eraiki eta elikatzeko prozesuak gizarteko alor guztietara zabaltzen ari dira, pertsonak, lurraldeak eta baita kultura jakinak ere marka gisa jorratzeko joera gero eta hedatuago baitago.

Behin markagintzaren jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzaren eremura ekarrita, edozein hizkuntzatan baliagarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa. Teknika kualitatibo eta kuantitatiboak baliatuko dira eta ikerketa hurrengo hilabeteetan egingo den makroinkesta batekin amaituko da. Ondoren, emaitzak lantzearekin batera, euskararen kasurako rebranding edo marka estrategia proposamena egingo dutela azaldu du Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Emaitzek euskararen erabileran eragiteko bide emango dutela uste dugu. Are gehiago egitasmoak egingo duen ekarpenari esker, eragileok zeinek beretik garatu beharreko komunikazio-estrategia zehaztu ahal izango dugu oinarri bateratu batetik, bakoitzaren autonomia eta esparru propioarekin errespetatuz, noski.

Horrexegatik, Kontseiluaren aburuz, euskararen normalizazioari begira, mugarri garrantzitsua izango da proiektua. Gainera, proiektuak berak lankidetza eredu interesgarria eskaintzen du. Izan ere, unibertsitate esparruko adituak, euskalgintzako arituekin eskuz esku arituko baikara elkarrekin lanean.

 

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna