Sarea

“Euskaraz bizi nahi dut” film labur lehiaketa aurkeztu dute Zinemaldiak eta Kontseiluak

Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak “euskaraz bizi nahi dut” film labur lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute. Aurten ere bi atal izango ditu, profesionalena eta amateurrena, eta guztira 5.000 euro baino gehiago saritan. Lanik onenak Donostia Zinemaldiaren 63. edizioaren baitan proiektatuko dira.

filmlaburlehiaketa2015

Gaur goizean Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak “Euskaraz bizi nahi dut” film labur lehiaketaren 4. edizioa aurkeztu dute. Aurkezpenean Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, eta Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek, parte hartu dute.

Paul Bilbaok azken urteotan Kontseilua sustatzen ari den “euskaraz bizi nahi dut” dinamika eta dinamika horren baitan kokatzen den film labur lehiaketaren nondik norakoak azaldu ditu.

“Lehiaketaren helburu nagusia “euskaraz bizi nahi dut” ideia hedatzea da, ideia hori ikus-entzunezkoen bidez kontatzea. Era berean, gero eta zinegile gehiagok ideia bere egin dezaten, beren lanetan ideia hori gara dezaten nahi dugu” adierazi du Bilbaok.

Azken finean, horixe bera da “euskaraz bizi nahi dut” dinamikaren helburua “gero eta norbanako gehiagok ideia hori bere egin dezala, alegia, gero eta jende gehiagok euskaraz bizitzeko hautua egin dezala, dakitenek hitz eginez eta ez dakitenek ikasiz” gehitu du Kontseiluko ordezkariak.

Bada, film labur lehiaketara aurkezten diren lanek helburu hori bete beharko dute. Paul Bilbaok adierazi duenez “film laburrek euskaraz bizitzeko nahiari buruz hitz egin dezaten nahi dugu: zergatik egiten dugun hautu hori, nolako oztopoak izaten ditugun, sentitzen ditugun pozak, eraikitzen diren konplizitateak… hori guztia eta gehiago kontatu nahi dugu aurkezten diren film laburren bidez”.

Aurtengo edizioaren oinarrietan berrikuntza garrantzitsuena laburren iraupena izanen da: aurkezten diren lanek ezingo dute 15 minutu baino gehiago iraun. Atalei dagokienez, iaz bezala, bi atal bereiziko dira, profesionalena eta amateurrena, eta egile bakoitzak erabakiko du bere lana(k) zein ataletara aurkeztu. Sariei dagokienez, guztira 5.000 euro baino gehiago banatuko dira (3.500 euro profesionalen atalean eta 1.750 euro amateurren atalean) eta lanak aurkezteko azken eguna 2015eko abuztuaren 24a izango da.

Jose Luis Rebordinosek bestalde, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko honelako ekimenen garrantzia azpimarratu du. “Iaz Zinemaldian bertan ikusi genuen bezala, gero eta film gehiago egiten dira euskaraz eta horiek ikustera doazen ikusleak ere, gero eta gehiago dira. Dinamika hau sustatzen jarraitu behar dugu” adierazi du Donostia Zinemaldiko zuzendariak.

“Oraindik lan asko dago egiteko baina iaz esan bezala `bidea ibilian egiten da´. Eta iaz pauso berriak eman zituen euskarazko zinemagintzak: Donostia Zinemaldiko sail ofizialean euskarazko bi film izan genituen, bat erabat euskaraz egina gainera (Loreak). Zerbait mugitzen ari denaren seinale” gaineratu du.

Ildo horretan, Rebordinosek adierazi duenez, “Euskaraz bizi nahi dut” film labur lehiaketarekin Zinemaldiak abiatu duen elkarlana pauso bat gehiago da, zinema munduan euskara sustatze aldera Zinemaldia garatzen ari den ekimenen artean bat gehiago.

Elkarlan horren erakusgarri, “Euskaraz bizi nahi dut” film labur lehiaketara aurkezten diren lan onenen proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia Donostia Zinemaldiko 63. edizioaren baitan egingo dira, irailean. Era berean, Donostia Zinemaldiko zuzendaritza taldeko kide den Maialen Belokik film labur onenak hautatuko dituen epai-mahaian parte hartuko du.

Agerraldiarekin amaitzeko eta epai-mahaiari dagokionez, Zinemaldiko edota Kontseiluko ordezkariez gain, zine zuzendari garrantzitsuek ere parte hartuko duela aurreratu dute antolatzaileek, besteak beste, Loreak filmaren zuzendarietako batek, Jon Garañok.

Azkenik, lehiaketari buruzko informazio guztia ondorengo atarian aurki daitekeela gogoratu dute antolatzaileek:

www.euskarazbizinahidut.eus

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna