Sarea

Euskarazko irakaskuntzaren kontrako Frantziako erasoak salatu dituzte Kontseiluak eta Behatokiak Baionako giza-katean

Baionako Rene Cassinen sortetxetik Suprefeturaren egoitzaraino giza-katea osatu dute Ipar Euskal herriko hainbat herritarrek eta euskalgintzako zein hezkuntzako ordezkariek; tartean izan dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria. Izan ere, euskarazko irakaskuntza oztopatzen jarraitzen du Frantziako Gobernuak. Horren azken adibide da Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoari ezarritako debekua: euskara hutsezko murgiltze-esperimentazio proiektu bat abiatzekoak zuten irailean, baina, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta, atzera bota zuen Parisek. Horren aurrean, euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazioa egin nahi izan dute eragileek. Hain zuzen ere, honakoak izan dira giza-katearen antolatzaileak: Euskal Konfederazioa (Kontseiluko bazkide dena), Seaska, Biga Bai, Euskal Haziak, Ikas-Bi, Euskara Geroan eta Erakasleak.

Herri gogo indartsu batek bere desadostasuna azaldu nahi izan dio Baionan Frantziako gobernuari”, ziurtatu du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Ez dugu ulertzen Frantziako agintarien itsukeria berezko hizkuntzen normalizazio-prozesua galgatzeko. Are ulergaitzagoa egiten zaigu euskarak gero eta babes sozial handiagoa duenean, gero eta guraso gehiagok euskarazko irakaskuntzaren alde egiten dutenean, Gobernuak are jarrera uzkurragoa hartzea”. Ildo beretik, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak ere deitoratu du frantziar estatuaren jarrera: “Euskarazko murgiltze-eredua debekatzeak argi erakusten digu gutxitutako hizkuntzen aitortza eta babesik ez dagoela frantziar estatuan, gure kasuan, euskara babestea eta sustatzea ezinezkoa da, frantsesa oinarri eta ardatz ez den eredu guztiak debekatzen dituelako. Frantziar Konstituzioa bera oinarrizko giza eskubideen zapaltzaile bihurtzen da. Beraz, ez du herritarren aniztasuna errespetatzen eta etorkizuneko herritarren hizkuntza eta kultura homogeneizatu nahian jarraitzen dute”.

Gainera, hezkuntza-komunitatea Baionako kaleetan elkartu izana goraipatzekoa dela uste du Bilbaok, eta mezu aski garbia helarazi dutelakoan da: “Gure belaunaldi berriak euskalduntzeko bidea murgiltze-eredua dela aldarrikatu du hemen bildutako herri gogoak, eta Frantziako gobernuaren neurriekin ez dagoela ados esan du argi eta garbi”. Horregatik, Kontseiluak honako eskaera egin nahi izan dio Parisko gobernuari: “Frantziako gobernuak herri gogoari entzutea eskatzen diogu, euskarazko irakaskuntzaren bidean oztopo gehiago ez jartzeko”.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna