Sarea

‘Geroa Euskaratik’ eraikitzeko aukera zabaldu dute EAEko hauteskundeek

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen biharamunarekin batera heldu da datozen lau urteetako mapa, bide orri eta ekintza politikoei hasiera emateko unea; azken asteetan adierazitako proposamenak Jaurlaritza berriaren programan sartu eta egikaritzeari ekiteko unea.

Bizi dugun egoera aintzat hartuta, Jaurlaritza berriak nahitaezko lehentasun bat izango du mahai gainean: Covid-19ak utzitako ondorioei erantzuteko politikak abian jartzeko ardura. Eta horien artean kokatzen dira, nola ez, pandemiak euskararen normalizazio prozesuan utzitako arrastoak.

Azken asteetan Kontseilua euskalgintzako hainbat eragilerekin bildu eta egoeraren diagnosia egiten aritu da. Kezka da nagusi euskararen normalizazio prozesuan lanean diharduten eragileen artean, eta ideia batasunaren isla, alarma egoerak agerian utzi dituen gabeziei aurre egiteko urgentziazko neurriak aurkeztu zituzten ’Geroa Euskaratik’ adierazpenaren baitan ekainaren 23an Donostian. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, <<pandemia garaiotan euskarak jasan dituen kalteei aurre egiteko urgentziazko neurriak dira, tokian tokiko gobernuek euskararen normalizazio prozesuan atzerapauso handiagorik eman ez dadin hartu beharreko neurri zehatz eta betegarriak>>.

Kontseiluak aurretik adierazi bezala, ez dago gizarte berdinazle, justu eta kohesionatua eraikitzerik hizkuntzaren ardatza alde batera utzita, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak ikusita gizarte eredu berri hori eraikitzeko aukera eta babesa egon litezkeela atzeman du. Bilbaok <<abagunetzat>> identifikatu ditu emaitzak: <<proposatutako urgentziazko neurriak abian jartzeko nahikoa babes egon liteke, eta elkarrekin adostasunak eraikitzeko eskaera egin nahi diegu alderdi politiko guztiei>>.

Haatik, Kontseiluko idazkari nagusiak dei egin die atzoko hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagai guztiei ‘Geroa Euskaratik’ adierazpenari erreparatzeko eta bertan adierazitako neurrietatik abiatuta, euskararen normalizazio prozesuan adostasunak eraikitzeko. <<Eskua luzatu diegu, ibilbide orriaren proposamena mahai gainean dago, eta elkarrekin ekiteko garaia dela uste dugu >>. Elkar hartuz eta elkar zainduz, aukera berria zabaldu baita ‘Geroa Euskaratik’ eraikitzeko.

 

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna