Sarea

Geroa Euskaratik

Normalitate berri bat dugu jokoan, COVID-19ak agerian utzi dituen hutsune eta desberdinkeriei aurre egiteko bestelako neurri eta erabakiak hartu behar baitira. Eta iparrorratz horretan euskarak ere egon behar duela ziur da Kontseilua. Ideia horri tiraka, eta erakundea osatzen duten bazkideekin elkarlanean, ‘Geroa Euskaratik, elkar hartuz, elkar zainduz’ dinamika jarri dugu abian.

 

Zertan datza ekimenak? 

Aurkezpen albistean adierazi bezala, gizarteko sektkore guztiei bideratutako egitasmoa da. Xede nagusia normalitate berri baterako bidean euskararen auzia mahai gainean jartzea da; hots, euskalgintzako erakunde, eragile sozial zein norbanakoen iritziak jasoz, etorkizuna euskaratik eraikitzeak izan ditzakeen onurak gizarteratzea da asmoa. Hitz gutxitan, gogoeta kolektiboa eginez, kontzientzia soziala sortzea da helburua.

Zergatik?

Etorkizuna euskaratik eraikitzeak ez du soilik hizkuntzaren normalizazio prozesuan aurrerapausuak ematea bideratuko. Kontseiluaren iritziz, euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu, eta gutxitua den perspektibatik, egoera zaurgarrian dauden gainontzeko talde zein norbanakoekiko errespetua, begirunea eta zaintza ahalbidetzen ditu. Hori horrela, eta herritar guztien eskubideak bermatuz, gizarte berdinzale eta demokratikoagoa eraikitzeko tresna izan liteke euskara.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak elkarbanatutako ideiek argitzen dute egitasmo hau martxan jarri izanaren arrazoi eta ideia nagusiak.

Nork egin du bat dinamikarekin?

Aipatutako ideia eta argudioen atzean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta berau osatzen duten bazkideak gaude. Garaiotan pairatu ditugun hizkuntza eskubideen urraketen gorakadak eta egoeraren larritasunak aldarrikapen bateratua egitera bultzatu gaitu. Hala ere, egitasmoa ez da eragile soil batzuengana mugatzen. Bideratu nahi den gogoeta kolektiboa da, nork bere pentsamolde, jokaera eta helburuei muzin egin gabe, etorkizuna zergatik euskaraz eraiki behar dugun jendarteratu nahi da. Beraz, eragile zein norbanako guztiok dugu dinamikan parte hartzeko aukera.

Beraz, nik zer egin nezake? 

Ekintza ezberdinak ari gara prestatzen, baina ekimena sare sozialetako interakzioan oinarrituko da. Hainbat bazkide, eragile eta norbanako jarri ditugu jada martxan, eta ikus-entzunezkoen bidez, bakoitzak bere gogoeta hedatuko du. Zure kasuan ere berdina egitera animatzen zaitugu. Bideo, argazki edo hitz soilez, eta #GeroaEuskaratik traola erabiliz, elkarbanatu zure gogoeta ‘Geroa zergatik euskaraz?’ galderari erantzunez.

Kontseiluko Twitter, Facebook eta Instagram kontuak izango dira eduki biltegi nagusiak, eta YouTube-ko kontuan jasotzen ditugun bideo guztiak eskegiko ditugu.

Horrez gain, beste hainbat ekintza ari gara lantzen; Euskara ere normalitaterantz? hizpide izango duen mahai-ingurua, esaterako. Guztien berri izan nahi baduzu, adi datozen egunetan gure sare sozialei.

Guztion artean irudikatu eta eraiki dezagun ‘Geroa Euskaratik, elkar hartuz, elkar zainduz’!