Sarea

“Gobernuaren erabakia ulergaitza da”

Erabakia birpentsatzeko eskaera egin dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari, zuzen jokatzeko denbora badagoelako

 

Kontseiluak premiazko balorazioa egin nahi izan du Nafarroako Gobernuak egindako iragarpenaren inguruan; hain zuzen ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiari helegitea jarri ez izanaz: “Gobernuak kasazio-helegitea jarri behar du, baldin eta epai horrekin desadostasuna agertu nahi badu. Horrela egin ezean, ondoriozta liteke epaiak jasotakoekin bat egiten duela”, esan du Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok.

Ordezkariak gogora ekarri du larunbatean ehunka pertsonarekin batera Kontseiluak eta gehiengo sindikalak ausardia eskatu ziotela Gobernuari, bai eta berariaz eskatu ere epaiaren aurkako kasazio-helegitea tarteratzea. “Badakigu, bai, areto berak aztertuko duela helegitea, eta jakin badakigu juridikoki aukerak ez direla asko, baina, hala ere, hori da modu bakarra Gobernuak epaiarekiko desadostasun irmoa erakusteko”, adierazi du Kontseiluko eledunak.

Bilbaoren esanetan, “helegitearen aukera baztertuta, uler daiteke epaiak agertzen dituen tesi murriztaileei aurre egiteko arrazoirik ez dagoela, eta zinez uste dugu epaiak juridikoki badituela urradura batzuk, eta Gobernuak aukera guztiak baliatu behar dituela epaiak jasotzen duen legezkotasuna auzitan jartzeko.”

Horretaz gain, Kontseiluko ordezkariak aipatu du epaiari ez helegiteak ez duela bat egiten Gobernuaren erantzukizunekin; “izan ere, Gobernuak abian jarritako dekretua defendatu behar du tresna guztiak baliatuz. Beste dekretu bat prestatzeak ez du baztertzen epaiari helegitea jartzea. Ezin dira bi gauzak nahastu”.

“Adostasun zabalen inguruko puntuak jaso ziren akordio programatikoan, eta ez dakigu erabaki honek zein adostasun zabalari erantzun nahi dion. Larunbaten, euskararen gizarte eragileok, euskal gehiengo sindikalekin batera, gure eskaera zuzendu genuen. Are gehiago, Kontseiluak hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko elkarlana jarri zuen mahai gainean, beste behin. Tamalez, honako erabakiek ez diote bide horri jarraitzen”, amaitu du Kontseiluko ordezkariak.

 

Saretu:

, , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna